Aritzakungo eskola zaharrerako zubian baranda berriak egin dituzte Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleek

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 31a, 08:00

Udalarekin elkarlanean, Baztango urak proiektua ere martxan jarri dute.

Baztango Udalak eta Elizondo Lanbide Eskolak hainbat proiektu eskutik eraman dituzte 2019/2020 ikasturte arraro honetan zehar. Azkenean, horietako bik, argia ikusi dute eta elkarlanean, baztandarrentzat ekipamendu eta kudeaketarako tresna zinez erabilgarriak sortu dituzte, eskolak metodologia aktiboak erabiltzeko bidea hartua baitauka duela urte batzuk honat.

Horrek zer erran nahi du? modu praktiko eta errealean proiektuak aitzinera eramaten direla, non ikasleak beraiek diren beren ikasketa prozesuaren protagonistak. Modu honetan azkenean lortutako emaitzak garrantzia dauka baina baita helburu hortara iristeko emandako pausu bakoitzak ere (prozesuak). Era honetan lan eginez, ikaskuntza teknikoak ikasteaz gain, lan-taldean jarduten ikasten dute, ardura lantzen da, autonomia, zailtasunei aurre egitea … guzti honekin ikasleak motibatzea delarik helburua, klaseko dinamika hautsi, bertze modu batera lan egin eta ikastea bultzatuz. Eta aldi berean, Baztango Udalarekin, elkarlan bat sortzen da, egunerokoan ere lan horrek isla izan dezan sortutako ekipamendu edo herrien barne kudaketa autonomian lagungarriak izan daitezen

Bi izan dira burutu diren proiektuak.

 

Aritzakungo eskola zaharrerako zubian baranda berriak

Batetik, OLH 2. Mailako soldadurako ikasleek, Aritzakungo eskola zaharrerako sarbidea den zubiaren bi aldeetan, baranda berriak egin dituzte ikasturte honetan. Aritzakungo Elkarteko kideek muntaketan lagunduta, uztaila hondarrean jarri zituzten eta Baztango Udalak garraioarekin lagundu zuen. Argazkietan ikusten denez, emaitza ederra izan da, eta babes ederra jarri zaio arriskuak ekenduz zubi zaharrari.

 

Baztango urak proiektua

Eta bertzetik, Baztango urak proiektua martxan jarri da. Ikaskuntza Zerbitzu Solidarioa eta metodologia aktiboak erabiliz, gure inguruko Baztango herriei ur kudeaketaren fakturazioa egiteko sistema sortu da. Horretarako Udaleko arduradun eta herrietako ordezkariekin elkartu dira ikasleek beraien beharrak aztertu eta erantzun bat ematen saiatuz. Proiektu hau Administrazioa eta Kudeaketa zikloko 2. ikasturteko ikasleekin eraman da aitzinera.

Baztango herrietako ur kudeaketa arduradunei uraren kontsumo irakurketak egin eta fakturak IKT tresnak ​erabiliz lagundu zaie. Formulario bidez fakturak sortu eta erregistratzeko sistemarekin. Beraz, formulario bat beteaz (mugikorrarekin adibidez) automatikoki fakturak sortu eta urteko kontsumoen erregistro taula automatikoki beteko lirateke, eskuz betetzearen pausu guziak aurrezten. Elbeteko herria izan da proiektu pilotu hau abiatzen lehena, eta Luis Torres, Elbeteko ur komisionatuaren erranetan, arras tresna baliagarria sortu da eta arra konten agertu dira elbetearrak

Alde batetik ikasketa zerbitzu bat eskaini da eta kasu erreal batean aplikatu da. Izan ere, proiektu honekin Elizondoko Lanbide Eskaolako ikasleek Baztango udal eta herrien antolamendu berezia ezagutzeaz gain, informatikako tresnen erabilera ikasketak burutu dituzte. ACBP eta APYSS metodologietan oinarrituta dago, beraien helburuak jarraituz. Administraritza arloan jakina den bezala paperaren erabilera handia da. Ikasleei paperaren erabilera zentzuduna izan behar dela bultzatzen saiatu da bidenabar.

 

Helduen ikasturtean, herri gehiagori parte hartzeko gonbitea egiten zaio orain, eta bai Baztango Udalak eta baita Elizondo Lanbide eskolak arras positiboki baloratu dituzte elkarlanean egindako proiektu hauek.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun