Estitxu Pinatxok kontzertua eskainiko du Elizondon uztailaren 31n

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 29a, 07:00

'Haize gorri bat', bere lehen diskoa aurkeztuko du Estitxu Pinatxo beratarrak Elizondon eta Garraldan.

Abuztuaren 1ean, berriz, Garraldan abestuko du, kultur 2020 egitarauaren baitan

Estitxu Pinatxo abeslari beratarra aditzeko aukera bikoitza izanen da asteburu honetan. Uztailaren 31n, ortziralean, 20:00etan kontzertua emanen du Elizondoko Braulio Iriarte pilotalekuan, Arte eta Kultura egitarauaren barrenean abuztuaren 1ean, larunbatean 20:30ean Garraldako Herriko Etxeko Plazan kantatuko du Estitxuk, Kultur 2020 egitarauan.

Estitxu Pinatxo abeslari eta konposatzaile beratarra (1987) 15 urterekin hasi zen musika-munduan, Egan erromeria-talde ezagunaren teklatu-jotzaile eta koru-egile. Handik aurrera, eta abeslari gisa, zenbait proiektutan ibili da, musika-estilo desberdinekin, euskal musikaren kanta tradizionaletik hasi eta jazz edo erritmo latinoagoetara. Gainera, Estitxuk euskal abeslari ospetsuen aldeko omenaldi-kontzertu berezietan hartu du parte, egun musika-munduan ospetsuak diren bertze artista batzuekin batera, hala nola Alex Sardui, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Petti eta Miren Narbaizarekin.

2019ko azaroan argitaratu zuen bere lehen diskoa. Haize gorri bat izenburupean, berak sortutako kantez osatuta dago. Euskaraz idatzitako testuak ukitu beltzeko musikarekin jantzi ditu, eta agerian utzi ditu bere ahots ahaltsuaren kalitatea eta distira, musikari bikainez lagunduta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun