Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatzen duen Kultur programaren 25. edizioa egiten ari dira aurten. Ortzegun, ortzirale, larunbat eta igandetan eginen dute, uztailaren 18tik irailaren 13ra bitartean, 36 herri eta intereseko gunetan, programazioan musika, dantza eta artea eskainiz. Eskualdean, joan den ortzegunean Feten Feten bikoteak Donamarian eskaini zuen musika emanaldiaren ondotik, uztailaren 30ean hip-hop dantzak ikusteko aukera izanen dute Elizondoko Braulio Iriarte pilotalekuan. Gainera, Bertizko jaurerriko jauregian Pedro Salaberriren ‘Bideak’ erakusketa ikusgai dago.
Uztailaren 30ean, Brodas Bros Hipstory dantza taldeak, hip-hop dantzak eskainiko ditu Elizondon, ortzegunean 20:00etan hasita Braulio Iriarte pilotalekuan. 200.000 ikuslek baino gehiagok ikusi dituzte beren emanaldiak, eta SDK munduko txapelketa, 2012ko Eurobattle txapelketa eta JustedeboutSpain (hainbat aldiz) irabazi dituzte. 2017an, Max Sarietarako izendapena lortu zuten antzezle-zerrenda hoberenarengatik, eta 2018an, kaleko ikuskizun hoberenarengatik.
Brodas Bros hiri-dantzako konpainia hip hopa agertoki handietara eramateagatik da ospetsua, eta, oraingoan, Hipstory aurkezten du.Hipstory hip hoparen istorioa lantzen du, dantzekin, gag-ekin, zuzeneko musikarekin eta publikoaren parte-hartzearekin. Lau dantzarik, bboy batek eta beat boxen aditua den zuzeneko musikari batek alaituko dute ikuskizuna, Brodas Brosen Mediterraneoko giro ona publiko osoari kutsatuz.