Santxotena Parke Museoko bisita gidatuan berrikuntzak egin dituzte uda honetan

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 25a, 13:00
Santxotena parke-museoak berrikuntzak ditu uda honetan.

QR sistemaren bidez ikus eta entzun daitezke azalpenak eta maskotak ere sar daitezke parkean

Arizkungo Bozate auzoko Santxotena Parke Museoko bisita gidatuak hainbat berrikuntza ditu uda honetan. Hasteko, QR sistemaren bidez, kanpoaldeko borda eta eskultura guztien jakingarriak azaltzen ditu Xabier Santxotena eskultoreak, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez egindako bideo laburretan. Bisitariek beraien maskotak ere sartzen ahal dituzte parkean.

Bisitaldia Agoteen historiari buruzko aurkezpen-bideo batekin hasiko da, Parke Eskultorikoko auditorioan. Ondoren, Gorrienea bisitatuko dute, non historia, artea eta tradizioa bat egiten diren. Espazio berezi honetan, etxebizitzaren eraikuntza arkitektoniko bitxia ikusteaz gain, zurgintza-tailer tradizional bat, etxeko jatorrizko sukaldaritza eta jantokia aurkituko ditu bisitariak, omenaldi honen xede den emakumearen espazioak.

Gorrienetik metro gutira, gure bisitaren bigarren mugarria dago: Txine etxea, Agote etxe tipiko baten prototipoa. Bertan, leku horretako bizilagunen ofizioak, ohiturak eta bizimoduak berregiten dira, bisitak auzoan barna ibilaldi atsegina eginez segitzen du, arkitektura bitxia miretsiz eta folklore aberatsa ezagutuz.

Santxotena Museo Parkera eramaten du ibilbideak. Mitologia eta Artearen bat-egite bat ikusiko dute bisitariek han, eta oinezkoentzako zirkuitu batek zortzi borda lotzen ditu, Xabier Santxotenaren zurezko obra monumentala erakusteko.

Parkea kanpoan dauden obra ugariz josita dago. Horien artean, "Lamiputzu" izeneko iturri-eskultura nabarmentzen da.

Bisita gidatuak beti erreserbarekin egin behar dira eta gutienez zortzi helduendako taldea osatu behar da 605717857 telefonora deituz.

Erreserbarik gabe ere bisita daiteke Santxotena Museoko Parkea abuztuaren 30a arte, asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era eta igandetan 11:00etatik 14:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun