Orain hamar bat urte Iruñetik Baztanera etorri eta Amaiurko errota alokatzea erabaki zuen Felipe Oyarzabalek (Elizondo, 1976): «sortzez baztandarra izan arren, hasieran aitaren lanagatik eta gero bai nik baita emazteak ere bertan lan egiten genuelako Iruñean bizi izan naiz».
Bai emazteak baita berak ere, Baztanen dituzte sustraiak: «emaztea iruritarra da eta ni elizondoarra eta betidanik izan dugu herrira bueltatzeko nahia». Amets horri tiraka «orain 11-12 bat urte» Baztanerat bueltatzea erabaki zuten: «momentu hartan, erainkuntzan, kofratzaile lanetan, ari nintzen eta emazteak ere Iruñean lan egiten zuen. Baztandik Iruñera joan-etorri ibiltzen ginen».
«Baztanen bizi nahi genuelako genuen lana utzi eta errotaren aldeko apustua egin genuen»
Lan-istripu bat tarteko, Iruñeko lana utzi eta Baztanen bizitzeko ez ezik, bertan lan egiteko erabakia hartu zuen Oyarzabalek: «istripuaren ondorioz, begiko ebakuntzak egiten ari zitzaizkidanean atera zen lan eskaintza eta ezin naizenez geldirik egon, hori hartzea erabaki nuen». Momentu horretan «Baztanen bizi» nahi zuenez, «aukera aprobetxatu» eta errotaren aldeko apustua egin zuten: «genuen lana utzita honi ekin genion, Baztanen bizi eta geure buruarentzat, guk nahi genuen bezala, lan egiten hasi ginen».
Hasieran «ordu aunitz» sartu behar izan zituzten, «eta jendeak lan hori ikusten ez badu ere, gaur egun etortzen den jendea gogotik lan eginez lortu duguna da. Proiektua lantzeko eta garatzeko buru-belarri lan egin dugu eta lan horren uzta jasotzen ari gara orain». Errota eta herria ezagutzera emateko bisita gidatuak, talo tailerrak… egiten dituzte eta landetxean lo egiteko aukera eskaintzen dute. Guztira, «urtean guztira 8.000 bat bisitari» izaten dituzte: «ikasturtean zehar eskoletatik etortzen dira, gazteluko eta errotako bisitak eta talo tailerrak egiten ditugu…».
«Lortu duguna egindako lan guztiaren ondorioz izan da (...) udan ezin izaten diogu etortzen den jende guztiari zerbitzua eman»
Udan, «uztailean, abuztuan eta irailean» berriz, bateko eta bertzeko bisitari aunitz izaten dituzte. Hain zuzen, hilabete horiek izaten dira «jende gehien» ibiltzen den tenorea: «udan ezin izaten diogu etortzen den jende guztiari zerbitzua eman…».
Aurten, egoera bertzelakoa da: «eskoletako irteerarik ez dugu izan, ezta udan turismo agentzien bidez etortzen diren jubilatuen autobusik ere… Dena bertan behera utzi dutenez, ortzegunetan, jubilatu taldeen bisitak izaten genituen egunetan, ez dugu irekitzen. Aurten mantentzeko bakarrik lan eginen dugu, irabazirik gabe».
Uztail hasieran ateak ireki badituzte ere, «neurri zorrotzekin eta edukiera mugekin» egin dute buelta: «ostatua itxi eta taloak bertan jateko aukera kendu dugu. Horren ordez, 18:00etatik 21:00etara eramateko egiten ditugu eta bertan ez dugu ez bazkaririk ezta afaririk ere ematen».
«Aurten mantentzeko lan eginen dugu, irabazirik gabe»
Garbiketa «legez araututakoa baino gehiago zainduz» eta jende kopuru erdiarekin lanean ari dira. Eta, hala ere, nahiko lan izaten ari dira: «Haurrekin 20 bat pertsona bakarrik sartzen dira. Nahiz eta dena zorrotz bete, eskuak garbiarazi, bisitak maskarekin egin, eskularruak jantzi... bisitariak arras kezkatuta eta urduri daude».
«Segurtasun guztia emanda ere, jendea urduri dagoela sumatzen da»
Urduritasun hori bai deitzen duen jende kopuruan baita bisitarien jarreran antzeman dute: «erdiak dira deitzen dutenak. Lehen garai honetarako 100 bisita edo egiten genituen eta orain 40 bat egiten ditut eta etortzen direnen artean kezka sumatzen da, segurtasun guztiak emanagatik ez da lasai egoten eta hori kutsatzen dute…».
Bisitak gutiago diren arren, landetxeari dagokionez, hori betetzeko arazorik ez du izan: «normalean lauzpabortz hilabete lehenago betea izaten dut eta orain batzuk erreserbak utzi dituzten arren, egun berean edo hurrengoan betetzen zait. Horrekin momentuz ez dugu arazorik».
«Bailara osoan seguru sentitzeko denok zaindu behar dugu. Toki batzuetan hori lortzen ez bada turismo osoari kalte egin diezaiokegulako»
Dena den, hori mantentzeko, «egoera zail honetan elkar zaindu» behar dutela uste du: «denon artean bailara osoan seguru sentitzeko lan egin behar dugu, toki batzuetan hori lortzen ez bada bertako turismo osoari kaltea eragin diezaiokegulako».