Ostatu turistikoen arauketarekin hasteko 18.000 euroko aurrekontua onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 24a, 13:00
Ostatu turistiko batzuk alokairuko bizitegien kontura egiten ari direla ohartarazi du Baztango Udalak.

Lehen urrats moduan egoeraren azterketa egin nahi dute

Baztango ostatu turistikoen azterketa egiteko 18.000 euroko kontu saila sortzea erabaki zuen udalbatzak uztailaren 23an egindako batzarrean, ondotik, azterketa oinarri hartuta arauketa egiteko. Erabakia aho batez hartu zuten.

Aurrekontu moldaketa egiteko EH Bilduk aurkeztutako idatzian aipatzen da azkeneko urteetan ostatu turistikoen hazkundea gertatzen ari dela Baztanen, baina hazkunde hori bailarak egin nahi duen eskaintzari buruz gogoetarik egin gabe gertatzen ari dela. 

Horrela, ostatu turistiko batzuk alokairuko bizitegien kontura egiten ari direla ohartarazten da eta, horrek, bailarako ohiko bizitegi eskaintzan ondorioak dituela, etxebizitza izateko eskubidean zuzenean eraginez.

Bertzalde, ohatzeen soberako eskaintzak burbuila sortu dezake. Izan ere ohatzeen eskaintzak eta horri harremandutako azpiegituren eskaintza ez da eskariarekin bat heldu. 

Horregatik, herritarrei bizitegia izateko eskubidea bermatzeko eta ostatu turistikoen sektore ekonomikoak denboran iraun ahal izateko, ostatu turistikoen eskaintza arautzea beharrezkoa da. Horretarako lehen pausua egoeraren azterketa egitea da, eta aipatu kontu saila horretarako sortu du udalak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun