Baztango Ordenantza berrien proposamenari hasierako onespena eman dio Batzar Nagusiak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 23a, 19:00
Ordenantza berriak herri-lurren aprobetxamendu partikularrak hobe kudeatu nahi ditu Baztanen.

Irailaren 1ean Nafarroako Aldizkari Ofizialean ordenantzaren zirriborroa argitaratuko denetik hasita, hogeitamar egunez jendeen aitzinean egonen da eta, orduan, herritarrek, herriek edo eragileek nahi dituzten alegazioak egiten ahalko dituzte

Baztango Batzar Nagusiak uztailaren 22an egin zuen ezohiko bilkuran bailarako ordenantza berrien zirriborroari hasierako  onespena eman zion, aldeko 18 bozekin, kontrako 3rekin (Navarra Sumakoak) eta abstentzio batekin.

Ordenantza berriak herri-lurren aprobetxamendu partikularrak hobe kudeatu nahi ditu, nekazaritzatik bizi direnen edo bizi nahi dutenen beharrak kontuan hartuz. Berrikuntza gehienek horri erantzuten diote, Baztango erakundetzeari buruzkoak aitzinagorako utziz.

Berrikuntza aipagarrienen artean bi daude. Horietako bat, luberrien titularitate aldaketak legezko ondorengoei egiteko, ondorengoak ATP (A título Principal, lanbidez nekazari izatea, alegia) izan beharko duela eta ustiategiarekin segitu beharko duela. Bertzea, berriz, luberri baten aprobetxamendua eskura gelditzen delarik, ez da orain artio bezala eskatzen duen lehendabizikoarendako izanen, lehentasunak finkatuko dira: lehentasunezko ustiategia edo ATP izatea adibidez, eta horrekin bat hainbat alderdi puntuatuko dira: luberririk ez izatea, 5 hektarea baina guttiago luberri izatea, eskatzailea lehen instalazioan egotea, 40 urtez azpikoa izatea, nekazaritza ekologikoan ari izatea… denera 75 puntuko taula baten araberako baremazioa. Bertzalde, pertsona batek hartu dezakeen gehienezko luberri kopurua ere finkatzen da.

Ordenantza berrien zirriborroa egiteko bi urte eta erdi eman du Batzar Nagusiak eta horretarako osatutako batzordean hamabi batzarkidek parte hartu dute. Gogoetan udaleko teknikarien laguntza izan dute. Denera 31 bilkura egin dira eta ordenantzako artikulu desberdinetan egokitzapenak egin dira, adostasun handiarekin.

Hasierako onespena emanda Batzar Nagusiak ordenantza berriaren proposamena udaleko webgunean zintzilikatu du, herritarren eskura egon dadin. Gainera, abuztuan barna, kuartelka batzarrak eginen dira ordenantzaren berritzeaz eztabaidatzeko. 

Betiere, irailaren 1ean Nafarroako Aldizkari Ofizialean ordenantzaren zirriborroa argitaratzen delarik hogeitamar egunez jendeen aitzinean egonen da eta, orduan, herritarrek, herriek edo eragileek nahi dituzten alegazioak egiten ahalko dituzte. Aldizkari ofizialean argitaratzen delarik, Batzar Nagusiak horren berri ere emanen du.

Modu berean, alegazioak aztertu eta lantzeko batzorde berria osatu da, aitzinekoa ordezkatuko duena.

Bertzalde, ordenantza berriari hasierako onespena ematearekin bat, bertze bi erabaki osagarri hartu ditu Batzar Nagusiak. Lehena, ordenantza berria behin betiko onartu bitartean gehienez 2 hektarea duten luberritzeak bertzerik ez dira onartuko. Bigarrena, aprobetxamendu komunalen titularitate aldaketak ezkontideen artean eta gurasoetatik seme-alabetara bakarrik onartuko dira.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun