«Huts handia» sentitzen du Lupe Zubeldia Telletxeak (Arizkun, 1971) uda honetan. Izan ere, Saharako mutiko bat uda osorako etxean hartzekoa zuen, baina ezohiko egoera tarteko, hainbertze desio zuen bisitarik gabe gelditu behar izan du.
Saharaztan Baztan Bidasoko Saharar Herriaren Aldeko Elkartasun Taldeko kidea da Zubeldia eta behin baino gehiagotan hartu izan ditu Saharako haurrak etxean. 2011n egin zuen lehenbiziko aldiz, «orduan 17 urte zituen alabak horren ilusioa zuelako, animatu eta neska bat ekarri genuen».
Onartu digu «hasiera gogorra» izan zela, «batez ere lehenbiziko astea, neskatoarendako eta guretako. Erdi negarrez egoten zen eta ‘Mama Sahara’ bakarrik erraten zuen. Lo egiten zuen baina ez zuen jaten». Alde horretatik «gogorra» egin omen zitzaion, «non sartu ote nintzen galdetzen nion neure buruari». Baina fite aldendu zitzaizkion kezkak: «aste bat pasatu eta arras ongi egokitu zen eta arras motza egin zitzaidan uda. Ondoko urtean berriz etorri zen eta uda primeran pasatu genuen».
Esperientzia polita
Geroztik, lau neska pasatu dira Zubeldiaren etxetik: «bizpahiru urtez hasierako neska hura etorri zen eta gerora, Arabako eta Elizondoko Bakelekuetatik etorritako bertze hiru neska eduki ditugu asteburuetan». Tarte horretan, Elizondoko Bakelekun ere lanean aritu da eta «esperientzia arras polita» izan omen da. Hala ere, «maitasuna ez da berdin hartzen» bere hitzetan: «Bakelekun lehenbizian 20 haur egon ziren eta bigarrenean 12, eta denei hartzen zaie maitasuna, baina etxean aise goxoagoa da, bai beraiendako baita guretako ere». Baina Bakeleku udalekuak «beharrezkotzat» jotzen ditu eta Saharaztanetik «berriz egiteko asmoa» dutela gaineratu digu, «gero eta familia gutiago animatzen direlako haur sahararrak hartzera».
Eskualdean ere hori da joera. «Aurten hamar haur etortzekoak ziren Baztan, Malerreka eta Bortzirietara. Nik ekarri nuen lehenbiziko urtean 21 ginen eta urte haietan 18, 21, 22… horrela ibiltzen ginen. Orain, ordea, gero eta gutiago ekartzen dira».
«Huts handia sumatzen dugu. Berarekin egiteko hainbertze plan pentsatuak genituen, baina dena deusezean gelditu da, eta bai guk baita berak ere pena hartu dugu»
Aurten uda pasatzera etortzekoak ziren hamar horietako bat Zubeldiarengana joatekoa zen, baina Covid-19agatik ezinezkoa izan da. «Huts handia» sumatzen du horregatik, «horren ilusioa egina genuen, berarekin egiteko hainbertze plan pentsatuak genituen eta arropa prestatzen ere hasiak ginen. Bera gaztelaniaz ikasten ere hasia zen, baina dena deusezean gelditu da eta bai guk baita berak ere pena hartu dugu».
Horren faltan, «lanean, beti bezala» doa bere uda. Baina argi du «arras esperientzia polita» dela eta horregatik egin dio «jendeari animatzeko» deia. «Beti ez da erraza, baina gurasoak kilometrotara dituzten haurrak direla konturatu behar dugu eta ez hizkuntza, ez tokia ezta jendea ere ezagutzen ez duten toki batera etortzen direla. Beraiendako dena berria da: azal kolorea, etxean ur korrontea izatea, paisaia… bertze planeta batera etortzea bezala da. Gurera ohituratu behar dute eta guk ere gure aldetik jarri behar dugu. Pentsa dezagun zein baldintzatan biziko diren gurasoek seme-alabak ezagutzen ez duten toki eta jendearengana bidaltzeko. Hortaz animatu, merezi du eta».
Urteotan hainbertze oroitzapen geldituak ditu oroimenean. Horien artean, «lehenbiziko aldian etorri zen neskarekin inguruko herrietako bestetara egiten genituen ateraldiez» edo «igerilekuan, bizikletan edo paseatzen» pasatutako tarteez oroitzen da. Eta «lehenbiziko edo bigarren urtean, Saharara itzultzeko maletak prestatzen ari ginenean, maleta pisuan sartzeko gauzak sartzen eta ateratzen ari ginenean» erran ziona ere bereziki gogoan du: «’Aski da Lupe’ erran zidan, ‘ez zait inporta deus gabe itzulita ere. Arras kontent nago amarengana noalako eta arras kontent egon naiz zurekin’. Hunkigarria izan zen».
«Saharako haurrengandik aunitz dugu ikasteko. Beraiek guregandik ikasi ordez, guk ikasi beharko genuke beraiengandik»
Ohartu gabe, Saharako haurrekin «aunitz ikasi» duela dio: «dugunarekin baino aise gutiagorekin bizi daitekeela ikasi dut. Gu baino aise gauza gutiago dute baina gu baino kontentuago bizi dira eta dutena eta ez dutena emateko prest izaten dira». Horregatik dio «haiengandik aunitz» dugula ikasteko: «beraiek guregandik ikasi ordez, guk ikasi beharko genuke haiengandik».