Oronozko mediku kontsulta zaharberritzeko lanak eman ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 22a, 15:00
Oronozko mediku-kontsulta zaharberritzeko eta zabaltzeko lanak abuztu erditsuan hasiko dira.

Construcciones Boreste enpresak eginen ditu lanak, 239.822 euroko gastuarekin

Baztango Balleko Etxeko gobernu batzordeak Oronozko mediku-koltsulta zaharberritzeko eta zabaltzeko lanak eman ditu. Lehiaketara aurkeztutako zazpi enpresen artean Construcciones Boreste SL izan da eskaintzarik onena aurkeztu duena. 239.822,66 euro (gehi BEZa) gostako da abuztu erdialdera hasiko diren lanak egitea.

Azken urteetan zaharkitua gelditua da Oronozko mediku-kontsulta eta erabiltzaileei zerbitzu duina eman asmoz, zaharberritzea eta zabaltzea proposatu zuen Baztango Udalak. Otsailean ahobatez onartu zuen proiektua eta gaur egungo eraikuntzaren ondoan dauden 591,94 metro kuadro erabiltzea ere onartu zuen. Aparkalekua ere eginen da eraikinaren ondoan eta horrela, erabiltzaileek ez dute errepidea gurutzatu beharrik izanen.

Lan honetarako egin beharreko inbertsioa osorik Nafarroako Gobernuak ordainduko du, Osasunbideak emandako dirulaguntzaren bitartez. Baztango Udalak 9.000 euro ordaindu beharko ditu, lana egiteko behar den lur-eremua desjabetzerako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun