COVID-19: Elkarrizketak

«Etxean bi haur izanik, euskara lantzeko tartea hartzea arras zaila izan da»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 23a, 09:00

Ama izan zelarik erabaki zuen euskara ikastea Itziar Santamariak.

Itziar SANTAMARIA GOÑI Elizondoko AEK-ko ikaslea

Baztanekiko harremana «ttikitatik» izan du Itziar Santamariak (Iruñea, 1982). Hogei urte baino gehiago daramatza Baztanen bizitzen eta bertze sail bat Iruñetik joan-etorrian: «nire gurasoek Erratzuko Iñarbegi auzoan lagun-minak zituzten eta Lekarozen etxea erosi baino lehen maiz etortzen ginen Baztanerat». Ongi oroitzen ditu herrira egindako bueltak eta Baztani zor dizkio «ttikitako oroitzapen ederrenak». 

Noiz eta zer dela eta etorri zinen Baztanera?

Iruñean jaio nintzen baina Baztanekin harremana izan dut beti. Ttiki-ttikitatik nire gurasoak Erratzuko Iñarbegi auzoan lagun-minak zituzten eta horregatik beti etorri izan naiz Baztanera, Erratzu aldera, Lekarozen etxea erosi arte. 16 urte nituenetik hemen bizi naiz, eta nire haurtzaroko oroitzapen hoberenak ere hemen daude. Ttikia nintzenetik hemen bizi nahi nuen.

Noiz hasi zinen euskara ikasten?

Euskaltegian orain dela lau urte hasi nintzen, betidanik euskararekin harremana izan dudalako. Hona bizitzera etorri nintzenean nire Belarriprest prozesua hasi zela uste dut. Nire kuadrillako lagunek beti euskaraz solas egiten dute eta horregatik dena edo guti goiti-beheiti dena, ulertzen hasi nintzen. Baina nik deus solastatu gabe. Ez nintzen gai. Gauza arraroa, ezta?

Gero, garai luzean, kanpoan ikasten egon nintzen eta bueltatu nintzelarik euskara ikasten hasi nahi nuen baina beti aitzakiak izan nituen (bertze ikasketak, denbora gutxi...).

«Aitzakiak utzita, nire bizitzako fase lanpetuenean hasi nintzen euskaltegian»

Ama izan nintzelarik ailegatu zen unea eta ikasteko beharra handiagoa ikusi nuen, baina oztopo gehiago nituen... Azkenean, nire seme zaharrena eskolan hasi zelarik ez nuen bertzerik, eta aitzakiak alde batera utzi nituen eta euskaltegian sartzea erabaki nuen. Nire bizitzako fase lanpetuenean izan zela uste dut baina...

Euskara beharrezkoa dela iruditzen zaizu? Zergatik?

Bai, arras beharrezkoa. Alde batetik, kulturalki arras garrantzitsua iruditzen zaidalako. Kultura batean hizkuntza da identitate handiena ematen duena. Eta bertze aldetik, Baztanen bizitzeko beharrezkoa dela uste dut. Jende gehienak daki eta euskara da normalean erabiltzen den lehenbiziko hizkuntza.

Horrez gain, nire kasuan, semeak euskaldunak izatea nahi nuen eta ez nion zentzurik ikusten haiek euskaraz jakin eta nik ez jakiteari.

«Nire semeak euskaldunak izatea nahi nuen eta ez nion zentzurik ikusten haiek euskaraz jakin eta nik ez jakiteari»

Euskarak zer ate ireki dizkizu zuri pertsonalki?

Euskara ikasteagatik jende aunitz ezagutu dut euskaltegian eta euskaltegitik kanpo. Lagunekin ere erosoago sentitzen naiz. Izan ere, orain arte elkarrizketa batean denek euskaraz egiten zuten, nik izan ezik, lotsa pixka ematen zidalako.

Konfinamenduak euskaltegiko martxa erabat aldatu dizue… Klaseekin segitu duzue? Nola bideratu duzue?

Bai, klaseak segitu genituen. Ni aurten autoikaskuntza moduan egon naiz. Eta euskaltegira astero joan arren, ikasteko modu honetan lan gehiena etxean egiten da. Konfinamenduko lehen asteetan materiala bildu nuen eta bideodeiak izan genituen zalantzak argitzeko eta mintzapraktika egiteko.

Zertan aldatu dira saioak?

Printzipioz autoikaskuntza moduan nengoenez niretako gauzak ez dira aunitz aldatu. Astean behin euskaltegiko talde presentzial batekin biltzen nintzen mintzapraktika egiteko eta konfinamendu garaian bideodeia egin dut.

Konektatzeko lehenbiziko egunetan hainbat aukerarekin saiatu ginen, Whatsappeko bideodeiak, Zoom, Jitsi Meet... Inork ez zuen praktikarik eta pixka bat nahasia zen, baina azkenean ohitura bat izatea lortu genuen. Niri behintzat, arras ongi etorri zitzaidan.

«Etxean ikasten ohituta nengoen arren denbora guztian bi haur etxean izan ditut eta horrela zaila da zuretako momentu bat harrapatzea»

Etxetik aritzea eta euskaltegian biltzea ez da gauza bera. Zer da gehien kosta zaizuna?

Hasieran ikasteko eta aitzinera ateratzeko arazo handirik ez nuela izanen pentsatu nuen. Ordurako etxean ikasten ohituratua nengoen eta horretarako denbora egiten nuen... Baina arras oker nengoen. Denbora guztian etxean bi haur izanik, zuretako momentu bat harrapatzea arras zaila da.

Aise egokitu zara garai honetara?

Egia errateko, ez. Azkenean euskaltegiko ariketak, idazlanak... alde batera utzi behar izan nituen eta bakarrik bideodeiekin segitu nuen.

Euskaltegitik kanpo norbaitekin euskaraz aritzen zara? Norekin?

Bai. Gero eta gehiago euskaraz aritzen saiatzen naiz. Euskaltegian hasi nintzenetik eskolako guraso batzuekin hasi nintzen. Nire semeekin eta eskolako irakaslearekin ere hasieratik euskaraz saiatzen naiz, baita Solaslaguna egitasmoaren barne, guraso talde batean ere banago.

«Etxean telebista edo irratia erabil dezakezu, baina solastatzen ez baduzu...»

Horretan ere sumatuko zenuen aldaketarik… Solas egiterakoan hartzen ari zinen martxan oztopoak izan dituzula sumatu duzu?

Bai, pixka bat beti galtzen dela uste dut. Ez baduzu hitz egiten praktikatzen... Etxean telebista edo irratia erabil dezakezu baina solastatzen ez baduzu... eta haurrekin beti saiatzen naiz, baina haiekin egoerak ez dira berak…

Zure seme edo alabak eskolako lanekin laguntzeko orduan zailtasunak izan dituzu? Zertan bai eta zertan ez?

Txikiak direnez, 8 eta 5 urtekoak, momentuz ez dut arazorik haien eskolako lanetan laguntzeko. Ez gaiarengatik ezta ariketaren adierazpena ulermenarengatik ere. Konfinamendu garaian haien gainean izan naiz goizero. Eta erran daiteke euskaltegiko materiala egiteko ez nuela denborarik baina ez dut euskara erabat utzi.

Berriz ere Euskaraldia egitasmoa hurbiltzen ari da. Aitzineko edizioan parte hartu zenuen? Nola baloratzen duzu iazko esperientzia?

Bai. Pasa den Euskaraldian Belarriprest izan nintzen eta aurten Ahobizi izatea espero dut. Niretako Euskaraldia esperientzia arras polita izan da. Joko moduan bizi nuen eta arras ongi pasatu nuen. Nire konfort-eremua, leku guztietara zabalduko balitz bezala izan zen. Psikologikoki, pina ikusteak laguntzen du.

«Aitzineko edizioan Belarriprest izan nintzen, aurten Ahobizi izatea espero dut»

Zertan eragin zuen zure ohituretan?

Euskaraldiaren ondotik, euskaraz hitz egiteko konfiantzazko pertsona-multzoa handiagoa zen. Solas egiteko lotsa galtzeko aunitz lagundu dit.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun