Amaia Iturriria

«Egun emakume nekazariak ez dira soilik nekazarien andreak»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 24a, 08:11
Amaia Iturririak 2018ko abenduaz geroztik abeltzaintza du ofizio.

Amaia Iturriria Barrenetxe Gartzainen bizi den abeltzain azpilkuetarra

Nekazari inguruan hazia izan bada ere, duela urte bat eta erdi pausoa eman zuen arte, ez zuen inoiz lehen sektorean lan egina. Gaur egun, behor, behi eta ardiekin dihardu eta horixe du ogibide.

Zuzenbidea ikastea zuen amets eta helburu horrekin hasi zituen ikasketak. Geroztik egin duen bidea, ordea, bertzelakoa izan da. Ikasketekin gustura ez eta, «denbora batez uztea» erabaki zuen, «zer nahi nuen pentsatzeko». Ordurako ostalaritzan hasia zen, «asteburuetan eta lankideen oporrak, jaiegunak... egiten» eta gustua ere hartu zion ostalaritzari. Baina «lurrarekin eta inguruarekin lotutako bizimodua» egiteko nahiak bertzelako pausoa ematera bultzatu zuen. Hala hasi zuen baserri munduko ibilbidea Amaia Iturririak (Azpilkueta, 1994). 

Zergatik erabaki zenuen aziendekin hastea?
Ostalaritzan gustura ari nintzen, lan polita nuen, baina Jon bikotekidea eta biok maiz solastatzen ginen lurrarekin eta gure inguruarekin lotura zuen bizimoduaz. Bere familia betitik baserritik bizi izan da, baina orduan bere aita erretiroa hartuta zegoen eta amak etxeko eta kanpoko lanak tartekatzen zituen. Etxeko aziendekin segitzea genuen buruan, baina ez genuen argi nola. Bertze baserri batzuetako esperientziak ikusi genituen eta ideiak gustatu eta forma ematen hasi ginen. Hasteko, Jonen gurasoei ongi iruditu zitzaien etxeko martxarekin segitzea eta Juan Martin, Jonen aita, niri ofizioa erakusteko prest agertu zen. INTIArekin harremanetan jarri eta gure ideiaren berri eman genien. Nekazari gazteendako dauden dirulaguntzak, Nekazaritza Politika Bateratua... azaldu zizkiguten eta proiektua bideragarria izaten ahal zela ikusi genuen. Lan horretan segitzekotan inbertsioak egin behar genituen: nabea zaharberritu, belaiak hetsi... Eta aldi berean, horretarako bietako batek lana utzi beharko zukeela ikusi genuen. Nire lanean diru-sarrerak eta baldintzak eskasagoak zirela ikusirik, lana utzi eta abeltzain gisa hasi nintzen modu profesionalean. 

Erabaki zaila izan zen?
2018ko abenduan utzi nuen ostalaritzako lana. Pena eman zidan, baina gustura egin nuen, baserriari eskaintzeko eta ikasteko denbora gehiago izanen nuela jakinik. Ilusio handiarekin eman nuen pausoa, eta ingurukoen babes handia izan nuen, bai nire familiarena baita Jonen familiarena ere. Bereziki Jonen aitak ordu aunitz pasatu ditu niri erakusten. 



Gaur egun, zertan ari zara?

17 behor, 15 behi eta 120 ardi ditugu. Gure gogoa bildoskia, behorkia eta aratxekia loteetan banatu eta haragiaren salmenta zuzena egitea da. Modu horretan errentagarriagoa izanen delakoan, baina baita prozesu osoa gure esku egoteak asetzen gaituelako ere. Gure ingurukoei kalitate oneko elikagaiak eskaintzea da helburu nagusietako bat. Aldi berean, ardiak jetzi ere egiten ditugu, eta esnea saldu egiten dugu. 

«Argi genuen gure lan egiteko modua ekologikoa izanen zela, gure pentsatzeko eragatik»

Zergatik ekoizpen ekologikoa?
Argi genuen gure lan egiteko modua ekologikoa izanen zela, gure pentsatzeko eragatik: kudeatzen ditugun lurrek jasaten ahal duten azienda kopurua baino handiagoa ez edukitzea, pentsu garbia erabiltzea, beharrezkoa ez den kasuetan baino ez ematea tratamenduak, aziendak kanpoan edukitzea neguko pare bat hilabetetan izan ezik... Baina erosleengan pentsatuz erabaki genuen zigilua lortzen saiatzea. Azken finean, ekologikoaren zigiluak haragia baldintza jakin batzuen arabera ekoitzia izan dela ziurtatzen du. Orain, bi urteko trantsizio epean gaude. Bi urte horietan kudeaketa ekologikoa egin beharko dugu baina ez dugu zigilurik. Dena ongi eginez gero, hirugarren urtean emanen digute zigilua.

Aunitzetan aditzen da zaila dela baserritik bizitzea. Zer diozu?
Aunitzetan erraten da baserritik bizitzekotan azienda aunitz edukitzea beharrezkoa dela. Horrek ikaragarrizko inbertsioak egitera behartzen du jendea, animaleko nabeak, makineria... Horri buelta ematea aski zaila da. Gure kasuan, ez gara deusetik hasi, aitzinekoek egin duten lanari esker horri segida emanen diogu. Seguruenik aitzinekoek utzitako lur, azienda edota makineriarik gabe ez ginateke saltsa honetan sartuko, egin beharreko inbertsioak ikaragarriak izanen liratekeelako. Gure apustua azienda gutiagorekin saltzerakoan dauden bitartekariak kenduz etekin gehiago ateratzea izanen da, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena sortuz. Badakigu batzuetan aski ongi funtzionatu duela eta gure kasuan hala izatea espero dugu.

Krisirik bada zure sektorean?
Bai, noski, honetan segitzen duen gaztea izateagatik elkarrizketa egitea adierazgarria da, normala ez den seinale. Herrietako baserriak husten ari dira eta segitzen dutenek normalean animaleko etxaldeekin segitzen dute. Iraganean izan dugun baserri ttikien tokiko ekonomia ez da egungo abeltzain gehienen iruditegiaren parte. Baserriko lanarekin segitu beharrean, bertze lanen bat hartzearen oinarrian hainbat faktore daude, baina horien artean produktuen prezio apala dago. Eta prezio apal horiek konpentsatzeko ematen diren dirulaguntzak nork hartzen dituen ikusi beharko litzateke. Bertzetik, beti erraten den bezala, lan hau arras lotua da. Zure negozioa izateak hori du, ez duzu asteburu librerik edo oporrik. Gure kasuan, Jonen gurasoekin moldatzen gara egun libreak hartzeko. Baina izaki bizidunekin lan egitean, ezin dituzu ortziralean itzali eta astelehenean piztu. Egun guzietan prest egon behar duzu beraien beharrak asetzeko. Horrek konpromiso handia eskatzen du eta ulergarria zait hartu nahi ez izatea, nahiz eta bertze lan batzuek ez dituzten onura aunitz izan.

«Zenbaitetan iduri du nekazari edo abeltzainon lana ez dela batere baloratzen»

Zein dira lehen sektorean lan egitearen alde onak eta txarrak?
Nire kasuan, alde onetatik hasita, urteko sasoiaren arabera hainbat lan eta egunerokoa aldakorra izatea aunitz gustatzen zait, baita eguraldiaren arabera egunak antolatzea ere. Inguruan pasatzen denarekin, egunen zikloekin lotua egotea arrunt osasungarria iruditzen zait, bai mentalki baita fisikoki ere. Gainera, nire kasuan, aziendarekin lanean aritzea gustukoa izanik, nola erditzen diren, handitzen diren, beraien arteko harremanak... Hori dena ikustea ikaragarri maite dut. Lan honek, aldi berean, Baztanen bizi eta lan egiteko aukera ematen dit, baita euskaraz bizitzeko aukera ere. Lanagatik harremana dudan jendea normalean euskaldun zaharra da eta nire hizkuntza maila hobetzen ari dela sumatzen dut. Alde txarrei dagokienez, berriz, gure negozioa gure ardura izateak sortzen duen lotura batzuetan pisutsua izaten da. Egun txarrak ere izaten dira, nekatua zaudelako, edo ez ongi egonik ere laneko kontuak egin behar direnean. Gainera, hor daude ekoizleei paratzen dizkioten prezio apalak. Lanaren balioa prezioaren araberakoa bada, zenbaitetan iduri du gure lana ez dela batere baloratzen. 

Emakume izateagatik egoera zailagoa da?
Nire kasuan, emakume izateaz gain, gaztea eta esperientzia gabea naiz. Hortaz, bai, zailagoa da. Garrantzitsua da ondoan esperientziadunak izatea eta ahal den guztia galdetzea eta ikastea. Emakume izateari dagokionez, mundu hau orokorrean gizon mundua dela irudi du kanpotik. Bertze sektore aunitzetan bezala, kanpora begira egon direnak normalean gizonak izan baitira. Baina etxeetan beti egon dira emakumeak lanean. Horregatik, zenbait egoeratan ez gaude emakumeak egotera ohituak. Baina iruditzen zait hori aldatzen ari dela eta nekazari emakumeak gero eta ahots gehiago hartzen ari direla, ez direla nekazarien andreak bakarrik. 



Baserri munduak badu feminismoaren beharrik?

Gizarte osoak du feminismoaren beharra. Egia da baserriko lan aunitz generoaren arabera banatuak daudela eta horrek aunitz mugatzen duela. Hori ere gizartean edo norbanako gisa landu beharrekoa dugu, egiten ditugun zenbait gauzetan zergatik lotsatzen garen edo ez garen seguru sentitzen eta aldiz, bertze lan batzuk ikasiak sortu bagina bezala, natural, egiten ditugun. Baita ondokoa epaitzerakoan ere, aunitzetan gelditu eta hausnartu beharko genuke gure morala zeren arabera eraikia dugun. 

«Etorkizunean, dagoeneko gainbeheran dagoen baserriko bizimodua desagertzeko bidean egonen dela uste dut»

Zer aldatu beharko litzateke nekazaritzan eta abeltzaintzan lehen sektoreak aitzinera egin dezan?
Iruditzen zait egun ez dugula gure inguruan sortzen den elikadura aski baloratzen. Ez gara ohartzen zeinen garrantzitsua den nekazariek ingurumena zaintzen eta paisaia mantentzen egiten duten lana. Idealizazioetan erori gabe, nekazaritza praktika txarrek kontrako ondorioak ere izaten ahal baitituzte, ingurumenean kalte ikaragarriak eraginez. Hirietako eta landa eremuko jendearen artean hartu-eman estuagoa beharko genuke elkar ulertu eta baloratzen hasteko. Lehen sektoreko ekoizleen arteko saretzeak ere garrantzitsuak dira ikasi eta dinamikak sortzeko, baita gure interesak babesteko ere. Hor dugu, adibidez, Erdizen egin nahi duten harrobia. Proiektua gelditu zela irudi bazuen ere, berriz ere martxan paratu nahi dute eta horrelakoak geldiarazteko elkartasuna beharrezkoa da. Hala ere, lehen sektorean arazo handia da ekoitzitakoa nola, nori eta zein preziotan saltzen dugun. Bertzalde, orain arte izan dugun eta izaten ari garen inportazio-esportazio dinamika ekologikoki jasangaitza da, eta bertako ekoizleendako aski kaltegarria.

Nola ikusten duzu etorkizuna?
Berriki sartu naiz eta etorkizuna aski positiboki ikusten dut, bertzela, ez nintzen hasi izanen. Hala ere, etorkizunean dagoeneko gainbeheran dagoen baserriko bizimodua desagertzeko bidean egonen dela uste dut, salbuespenen bat kenduz. Hori galera handia izanen da. Jendartean inguruarekiko kontzientzia sortzeko aukera dugu nekazariok eta jendartean badago bertan ekoizten dena bertan kontsumitzearen inguruko kezka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun