Berroetarrek elkarrekin oroitu dute Baztandarren Biltzarra

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 21a, 13:26

Aurten Baztandarren Biltzarrik ez da izan, baina Berroetan egitarau zabala izan zuten igandean. 11:00etan hasi zuten besta eguna; plazan, 2013an Baztandarren Biltzarraren 50. urteurrena ospatzeko egin ziren argazki panelak egon ziren ikusgai. Herritarrek gustura ikusi zituzten berriz ere argazkiak, lehenagoko momentu eta pertsonez oroituz. 

Ondotik, Baztandarren Biltzarra elkarteak antolaturik, akordeoilariak etorri ziren herria alaitzera. Herrian buelta eman zuten, herritar andanak lagundurik. Herri bueltan, karrozarik ere ez zen falta izan. Herriari itzulia eman zion Mattinek traktorearekin, aitzineko egunetan egindako karroza erakutsiz. Aurtengo desfileko garailea izan zen eta arratsaldean jaso zuen sari banaketan aipamena.
 
Herriari buelta eman eta dantzan aritu ondotik, bazkariaren txanda ailegatu zen. Herritarrek plazan egin zuten bazkaria eta gero, kantuz eta dantzan ibili ziren, beti ere egungo egoera eta neurriak kontutan hartuz. 
 
Arratsaldean, sari banaketa ere izan zen; baserritarrez hobekien jantzitakoak saritu ziren, dantzari hoberena, karroza txapelduna... Irririk ez zen falta izan.
 
Egunarekin akitzeko, xingar jatea egin zen eta ondotik, su bazterrean kantuz aritu ziren. 
 
Urtero bezalako eguna izan ez arren, xarmanki pasatu zuten. Beti geldituko da herritarren memorian 2020ko Baztandarren Biltzarra. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun