Baztandarren Biltzarrarik izan ez denez Aniztarren Biltzarra ospatu dute

Maitane Maritorena 2020ko uzt. 21a, 10:30

Aurten Baztandarren Biltzarrarik izan ez dutenez, horren ordez, Aniztarren Biltzarra egin ospatu zuten igandean, uztailaren 19an. Orga izan da falta zen gauza bakarra, gainerakoan Baztandarren Biltzarrako egitarau bera  izan zuten Anizen. 

Baztandarren Biltzarra elkarteak herri guzietarat musikariak igorri zituen, seinale gisa. Anizerat goizeko 11:00etan joan ziren akordeoilariak, bertan zeuden herritarrak harrera egiteko esperoan. Musikarien gibeletik herriari itzulia egin, eta Plaxa-xarren dantzatu ondotik elkarterat joan ziren aperitiboa hartzerat.
 
Musikarikin itzulia egin ondotik, eguerdian baserritarrez beztituak hitzordua egina zuten desfilean bazkariko tokirat joateko: Bordaxurirat. Desfilea irekitzeko Baztandarren Biltzarran bezala banderak:  ikurrina, Nafarroakoa eta Baztangoa beharrean, Anizkoa. Bandera eramaileak bazkarirat joan zen herritar zaharrena, Gantxitoneko Ana Mari, Anizko haur ttipiena, Jauregiko Aroa, eta alkatea, Petrineko Ainhoa izan ziren. Pankarta eramaten berriz, Etxenikiko Maprexen. Herritarrak banderen gibeletik desfilean bazkaltzeko tokirat joan ziren eta bertan bazkal aitzinetik ohi den bezala, mutil dantzak dantzatu zituzten. 
 
Bazkalondoan Aniztarren Biltzarreko komunikatua leitu zuten, aski ederra eta hunkigarria. Bertan bi aniztar omendu ziren manera batera edo bertzera Baztandarren Biltzarra egunean anitz lagundu izan dutelakoz urtero-urtero: Emilia eta Jaime.  Eskerrak eta diploma eman ondotik, antzezpen ttipi bat ere izan zen, irrintzilariak. bazkalondoko kantak Jaione akordeoilariarekin....  Arratsaldean, muxikoak, larraindantza, kantak, dantza.... Aniztarren Biltzarrak bete zuen Baztandarren Biltzarrak utzi zuen hutsunea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun