Baztandarren arteko finala izanen da laxoako kopa txapelketan

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 20a, 13:00
Arraiozko pilota plazan garaipena lortu zuen etxeko taldeak. Argazkia: www.laxoa.com

Arraioz Sagardia eta Irurita Miguelene nagusitu dira doneztebarren kontrako finalerdietan

Arraioz Sagardia eta Irurita Miguelenek jokatuko dute Baztan-Erreka laxoa kopa txapelketako finala abuztuaren 1ean, 17:00etan Arraiozko plazan. Biek Doneztebeko taldeak kanporatu dituzte asteburu honetan jokatutako finalerdietan.

Finalerdiak

Doneztebe The Moment, 5 – Arraioz Sagardia, 4

Arraioz Sagardia, 5 – Doneztebe The Moment, 3

Bi partidetan doneztebarrak 3-1 irabazten hasi ziren. Bear Zanan, etxekoak joko bakarrarengatik nagusitu ziren. Arraiozen, berriz, 1-3 galtzen joan ondotik, joko guztiak etxekoek egin zituzten. Bi partidak larunbata goizean jokatu ziren eta biak ere hagitz onak, lehiatuak eta joko maila handikoak. Arraiozek urteak daramatza titulu bat irabazi gabe eta orain bere etxean aukera ederra izanen du. Nahiz eta galdu, The Moment gustura gelditu da egin duen torneoarekin eta batez ere finalerdietan erakutsi duen jokoarekin.

 

Doneztebe Zarbonet, 2– Irurita Miguelene, 5

Irurita Miguelene, 5 – Doneztebe Zarbonet,  1

Igande arratsaldean jokatutako partidak. Lehenbiziko partidan, Zarbonetek bi lehenbiziko jokoak lortu zituen eta hirugarrena ere lortzeko aukera ederrak izan zituen, baino hor gelditu zen. Hau ere partida polita, ongi jokatutakoa. Iruritakoak berriz, ez zuen emoziorik izan eta azkar joan zen. 

 

Finala abuztuaren 1ean

Beraz, finala abuztuaren 1ean, larunbatean 17:00etan jokatuko dute Arraiozko plazan. Etxeko taldea, Arraioz Sagardia (Mikel Mindegia, Xabier Mihura,  Jon Gamio eta Miguel Maritorena) eta Irurita Miguelene (Xabi Barberena, Gorka Urtasun, Egoitz Prim eta Iñaki Etxandi) izanen dira parez pare.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun