Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aitzineko alkateak jasandako epaiketen gastuak udalak bere gain hartzea «bidezkoa ez ezik derrigorrezkoa dela» uste du Baztango udal gobernu taldeak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 17a, 15:00

Florentino Goñi eta Joseba Otondo, udal erabakia azaltzeko egin duten agerraldian.

Auzitegi Gorenak Garbiñe Elizegi ardura oroz errugabetu du eta «Geroa Bai eta UPN, Palacio de Arozteguiaren jazarpen estrategian konplize» direla diote EH Bilduk eta Ezkerrak

Garbiñe Elizegi, aitzineko agintaldian Baztango alkate zenak jasandako epaiketen gastuak udalak bere gain hartzeko erabakiari buruz Baztango Geroa Baik eta Navarra Sumak sortu nahi duten nahasmenduaren aitzinean, zenbait argipen  egitea beharrezkoa ikusi du Baztango udal gobernu taldeak eta prentsaren aitzinean agertu dira Joseba Otondo, EH Bilduko alkatea eta Florentino Goñi, Baztango Ezkerrako zinegotzia.

Udal gobernuko taldearen ustez, «Palacio de Arozteguia Aroztegiko pelotazo urbanistikoaren kontra bailaran dagoen gehiengo soziala isilarazteko hautetsiak jazartzen ari da. Modu horretan, azkeneko urteetan prebarikazioagatik sei hautetsiren kontrako salaketak paratu ditu, eta hautetsi batzuen kasuan, gainera, salaketa bat baino gehiago ere paratu du. Haatik, auzitegiak salaketa guztiak artxibatzen ari dira».

Palacio de Arozteguiak Baztango hautetsien kontra abiatutako «jazarpen judizial estrategiaren barnean, Baztango aitzineko alkatea pelotazo urbanistiko errateagatik salatu zuen, argudiatuz ohorearen kontrako erasoa zela», aipatu dute Otondok eta Goñik. Auzitegi Goreneraino ailegatu den auzibide luzearen ondotik, aipatu auzitegiak epai irmoa eman du, erranez ohorearen kontrako erasorik ez dela egon. Horrela, Garbiñe Elizegi orduko alkatea ardura oroz errugabetu du.

Udal gobernu taldeak adierazitakoaren aranera, «denbora guztian Palacio de Arozteguiak alkatearen kontra jo du, alkate gisa aritzeagatik. Horren erakusgarria da sustatzaileak paratutako salaketan alkatearen parlamentuko agerraldia aipatzen duela, tokiko irratian egindako adierazpenak, udal aldizkariko berriak… Betiere, alkate ardurei aipamena eginez».

Baldintza horietan Baztango Udaleko gehiengoak erabaki du aitzineko agintaldian alkate zenaren kontrako epaiketak sorrarazitako gastuak bere gain hartzea. Eta hori «bi arrazoiengatik: justua delakoz, eta jurisprudentzia kontuan hartuta bai edo bai hala delakoz».

«Justua da –diote EH Bilduk eta Ezkerrak– hautetsien iritzi eta adierazpen askatasunaren kontrako eta hautetsien kontzientzia askatasunaren kontrako jazarpen judiziala ez delako onartzen ahal; gutiago bailararen geroari buruzko proiektu eztabaidagarrien kasuan, Aroztegian gertatzen den bezala. Udalerriko hautetsi demokratikoak isilarazi nahi izatea totalitarismo hutsa da. Horregatik, justua da eraso judizial hauen kostuak udalak bere gain hartzea».

Baina gainera «derrigorrezkoa» dela uste dute udal gobernu taldeko bazkideek: «Bai edo bai egin beharrekoa. Jurisprudentziak hori agintzen baitu. Epai irmoarekin hautetsia errugabetuz gero, auzibideko kostuak udalak bere gain hartzea agintzen du jurisprudentziak. Horrelakoak maiz gertatzen direnez, botere ekonomiko batzuen jokabideak hartaraturik, auzitegiak arduren banaketa jurisprudentzia bidez nola egin ezarria du. Betiere, erabakia justua eta bai edo bai bete beharrekoa izateaz gain, txosten juridikoarekin egin da eta kontu hartzailearen kontrolarekin».

Hortik aitzinerat «Geroa Bai eta Navarra Suma sinplea den afera nahasi nahian dabiltzala» uste dute EH Bilduk eta Ezkerrak, «Palacio de Arozteguiaren jazarpen estrategian duten jokaera konplizea justifikatzeko. Jokaera hori larria izanagatik, Aroztegi inguruko herri-lurren eta Lekarozko ermitaren defentsan izandako utzikeriak larriagotzen du. Zeren ez baitugu atzentzen ahal hautetsien ardura handienetakoa dela ondasun publikoak zaintzea. Orain artio Geroa Baik eta Navarra Sumak Aroztegian bederen egin ez dutena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun