Paskual Rekalde hizkuntzalari amaiurtarra euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 17a, 13:00
Pascual Rekalde amaiurtarra euskaltzain oso izendatu du gaur goizean Euskaltzaindiak.

Andres Iñigoren hutsartea beteko du Euskaltzaindian eta zortzi hilabeteko tartea dauka bere sarrera-hitzaldia paratzeko

Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du gaur, Bilboko egoitzan egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Andres Iñigo emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Paskual Rekaldek lortu du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.

Gogoratu behar da otsailaren 28an, Bilbon foru jauregian egindako Osoko batzarrean, Akademiak euskaltzain emeritu izendatu zuela Andres Iñigo euskaltzain osoa; jakina da emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituztela euskaltzain osoek. Ondoren, ekainaren 26an amaitu zen hutsune hori betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Bi hautagai aurkeztu zituzten euskaltzainek Donostiako Osoko bilkuran: Paskual Rekalde eta Paula Kasares, eta gaurko bilkuran Rekalderen aldeko hautua egin dute euskaltzainek.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du Rekaldek sarrera-hitzaldia paratzeko, eta epe berdina izanen du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Horren buruan harrera ekitaldia egingo da.

 

Paskual Rekalderen profil laburra

Andres Iñigo euskaltzain emerituaren lekua beteko duen euskaltzain osoaren profil laburra:

Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, 1963). Euskal Filologian lizentziaduna da EHUn, eta, gaur egun, Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea da eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia batzorde bereziko kidea. Zenbait lan eta artikulu argitaratu ditu euskara batuaren eta euskalkien eta Baztango euskararen inguruan. Horien artean daude Mariano Izeta zenaren Baztango Hiztegia eta Dirua galgarri lanen edizioa, eta Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako agiri zaharretako zenbait toponimo eta oikonimoren inguruko lanak, Andres Iñigorekin batera prestatuak.

Euskaltzain urgazle 2003an izendatua eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariorde, 2018an. 2000an hasi zuen ibilbidea Akademian, eta gaur egun zenbait batzorde eta lantaldetako kide da (Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatika eta Onomastika) eta, orobat, HIZBEA zerbitzuaren arduraduna.

 

1918tik 2020ra, 93 euskaltzain oso

Hogeita lau euskaltzain osoz, euskaltzain emerituz, euskaltzain urgazlez eta ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. Euskaltzain urgazle eta ohorezkoentzat ez da muga jakinik. 93 euskaltzain oso dira 1918tik 2020ra bitarte izendatu dituenak.

Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda (guztira, 24): Sagrario Aleman; Adolfo Arejita; Aurelia Arkotxa; Bernardo Atxaga; Miren Azkarate; Jean-Baptiste Coyos; Patxi Goenaga; Roberto González de Viñaspre; Paskual Rekalde; Jabier Kaltzakorta; Xabier Kintana; Joseba Lakarra; Beñat Oihartzabal; Miren Lourdes Oñederra; Andoni Sagarna; Patxi Salaberri; Pello Salaburu; Ibon Sarasola; Ana Toledo; Andres Urrutia; Miriam Urkia; Xarles Videgain; Patxi Zabaleta; eta Mikel Zalbide. 

Eta honatx emerituen izenak: Jean-Louis Davant; Txomin Peillen; Jose Luis Lizundia; Patxi Uribarren, Joan Mari Torrealdai eta Andres Iñigo.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun