Elizondoko Herriak bestetan ekitaldirik ez egiteko eskatu die inguruko eragileei

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 16a, 10:00
Jende pilaketak saihestu nahi dituzte, birusaren bertze agerraldirik ez izateko. Argazkia: Juan Mari Ondicol.

Uztail hondar aldera Elizondon ospatu ohi dituzten santiagoek ez dute ohiko itxura izanen aurten. Izan ere, Elizondoko Herriak ez ospatzea erabaki du eta «ez da deus antolatuko». Egoera «lasaitu» den arren, «tentuz ibili beharra dagoela» uste dute eta horregatik, ostatuekin bildu eta neurriak hartu dituzte.

Elizondoko ostatuek 02:00etan ateak itxiko dituzte eta, ordura arte, «argiak piztuta eta musika apal» izanen dituzte. Gainera, «kontzertu eta ikuskizunik ez dute antolatuko».

Elizondoko Herriak eta ostatuek bertze eragileei ere gauza bera eskatu diete: «ekitaldirik ez egitea pilaketarik ez izateko eta segurtasun neurriak mantendu ahal izateko». Horrela bada, «elkarteetan, etxabeetan, gaztetxean...» pilaketak saihesteko eskaera egin dute.

Egoera berezi honetan, bestarik ez dela izanen nabarmentzearekin batera, «birusaren bertze agerraldi bat galarazteko» konpromisoa hartzeko deia egin dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun