Azpilkuetar bat atxilotu dute herritarrei autoak erretzea leporatuta

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 14a, 09:18

Foruzaingoak azken urteetan herrian gertatutako suteen ustezko egilea identifikatu du. Deklarazioa hartu ondotik eta poliziak ikerketa gehiago egiten dituen bitartean, atxilotutako azpilkuetarra libre utzi dute karguekin.

Foruzaingoak Azpilkuetako herritar bat atxilotu zuen joan den ortziralean, hondarreko lau urteetan bertze herritar batzuen autoak eta bertzelako jabetza batzuk erretzea leporatuta. Atxiloketaren ondotik, ikerketak irekita dirauen bitartean, emakumezkoa libre utzi dute baina karguekin.

Foruzaingoaren Ikerketa Kriminaleko esparruak egindako ikerketak azken hilabeteetan garatu dira bereziki eta Azpilkuetan izan dute fokua. Hondarreko gertakariak apirilaren 18an izan ziren. Kasu horretan, suak bi auto, bi motozikleta, quad bat, sasiak garbitzeko makina bat, belarra mozteko makina bat, ibilgailuak garbitzeko makina bat eta hainbat tresna eta erreminta erre zituen. Gisa horretako sute baten ondorioak jasan zituzten 2016ko abenduaren 15ean ere. Aitzitik, aitzineko aldian, makineria ateratzea lortu zuten, barrideen laguntzaz.

Bi urteren buruan, 2018ko urriaren 7an Elizondon aparkatuta zegoen todoterreno bat erre zuten, Azpilkuetakoekin lotura zuen familia batena. Horiekin batera, Foruzaingoa bi bordetan nahita piztutako suak ikertzen aritu da.

Gertatutako suteak nahita piztuak zirela ikusirik, familietako batek etxebizitza inguruan zaintza kamerak jartzea erabaki zuen. Horrela bada, grabaketak apirilaren 18an gertatutako sutea ikertzeko erabakigarriak izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun