Baztango Geroa Bai ez dago ados Balleko Etxeak Garbiñe Elizegi alkate ohiaren epaiketako gastuak ordaintzearekin, Aroztegiko Jauregiko proiektuaren sustatzailearekin izandako auzia dela eta. Joan den ekainaren 25eko osoko bilkuran, Garbiñe Elizegi alkate ohiaren eta Aroztegia Jauregiaren arteko epaiketan izandako gastuen ardura bere gain hartzea erabaki zuen Baztango Udalak, EH Bilduren eta Ezkerraren aldeko botuekin. Garbiñe Elizegik, alkate zen, proiektua «hirigintzako pelotazo»tzat jo zuen prentsaurrekoetan.
Epaiketako lehen epaia Palacio de Arozteguia enpresaren aldekoa izan zen eta ez zen gastuak nork ordaindu behar zituen aipatzen. Errekurtsoaren ondotik, justiziak Elizegiren alde egin baitzuen, alkate zenaren adierazpen askatasunerako eskubidea oinarri hartuta. Bakoitzak bere gastuak ordaindu behar zituela ebatzi zuen epaiak. Palacio de Arozteguiak bertze errekurtso bat jarri zuen Auzitegi Gorenean eta oraingoan ere Elizegiren aldekoa izan zen epaia eta enpresa sustatzaileak ordaindu behar zituen gastuak.
Geroa Baik adierazi du ez dagoela ados Baztango Udala auzi honen gastuak bere gain hartzearekin, eta ez dute bat egin une hartan Garbiñe Elizegi bailarako alkatea zelako gastuen justifikazioarekin.
Geroa Baik argudiatu du Udaleko idazkariaren txostenak zehazten duela, Auzitegi Gorenaren epaian, ordezkapen- eta defentsa-gastuak ordaingarriak izan daitezen, honako hau bete behar dela: «Udalbatzako kideak bere eginkizunetan egindako administrazio-jarduera batean edo beste mota bateko jarduera batean izandako esku-hartzean jatorria edo zuzeneko kausa duen erru-uzteak eragindakoak».
Geroa Bairen ustez, «egindako adierazpenak ez dira administrazio-jarduketei dagozkienak, adierazpen-askatasunari dagozkionak baizik, epaiak jasotzen duen moduan».
Era berean, txostenak baldintza hau ezartzen du: «esku-hartze hori ez da gauzatu gehiegikeriaz, botere-desbiderapenaz edo interesdunen edo talde politikoaren interes partikularrekin bat etorriz». Geroa Bairen arabera, «epaiak berak gehiegikeria onartzen du Garbiñe Elizegiren adierazpenetan». Bertzalde, Geroa Baik argudiatu duenez, «lehen demandan zein errekurtsoan, epaileak ez ditu kostuak aipatzen, eta, beraz, nork bere gain hartu behar ditu kostuak, eta azken eskaeran Palacio de Arozteguia da kostuei aurre egin behar diena».
Gainera, honako hau adierazi du Geroa Baik: «Ordainagiriak ez dira aurkezten, fakturak bakarrik, administrazioan gainerako herritarrei ordainagiriak bakarrik onartzen zaizkienean». Geroa Bairen ustez, Garbiñe Elizegiren adierazpenak «ez dira alkate gisa egindako administrazio-jarduketaren ondorio, baizik eta edozein herritarrek adierazpen askatasuna izateko duen eskubidearen ondorio, kargu publiko bat betetzen duen ala ez kontuan hartu gabe».