Gorka Laurnaga

«Bizikleta oinarri duen mugikortasun eredua sustatu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 12a, 11:00
Eredu jasangarriaren aldeko apustua egin nahi dute.

Gorka LAURNAGA PEÑA Izterpeko matxinadaren antolatzaileetako bat.

Mugikortasun eredua aldatzeko helburuz, hilabetero, Izterpeko Matxinada eginen dute Baztanen. Hurrengo hitzordua uztailaren 18an izanen dute, 12:00etan.

Motorrak itzali eta hankak astinduz, «mugikortasun ereduan eragiteko» Izterpeko Matxinada abiatu du baztandar talde batek. Tartean da Gorka Laurnaga elizondoarra eta kontatu digunez, hilabetero bilduz eta hausnartuz «bizikletaren erabilera» bulkatzea dute helburu: «autoak utzi eta herrian ibiltzeko eta herri batetik bertzera joateko bitarteko nagusia bizikleta izatea nahi dugu eta horretarako gazteei eredu hau zilegi dela erakutsi nahi diegu». 

Nola sortu zen egitasmo hau martxan paratzeko ideia? 
Alde batetik, hemengo mugikortasun ereduaren eta munduan gertatzen ari diren ingurumen aldaketa eta krisi ekologikoaren arteko kezkagatik sortu da. Eta bertze aldetik, alderdi praktikoagoari begira, bertze hiri batzuetan gertatzen diren mugimendu sozialekin bat eginez, hiri eta gizarte mugikortasun eredua aldatzeko bildu gara. Mugikortasun eredu hori, hitz gutitan, autoak eta garraiobide indibiduala utzi eta bizikleta erabiltzera pasatzean datza. 

«Auto pribatua ekologismoaren kontrako ikur sendoena da»

Autoak utzi eta bizikletak hartu. Hori da zabaldu nahi duzuen mezua... Zergatik da garrantzitsua aldaketa hori?  
Auto pribatua hartzen dugun bakoitzean Lurra ez ezik, herritarrak hiltzen ari garelako. Ez dugu atzendu behar gaur egun errefuxiatu klimatikoak gerren ondorioak sufritzen dituztenak baino gehiago direla. Autoa hartzen dugun bakoitzean horrekin bat egiten ari gara, egungo eta etorkizuneko jendea hiltzen ari gara. Autoa gizarte jasangaitz honen ikur gisa ulertu behar dugu, pizten dugun bakoitzean planeta itotzen duelako. Ekologismoaren kontrako ikur sendoena da, krisi klimatikoaren eragile nagusia. Egiten den auto bakoitza ekologismoaren ikuspuntutik porrota da. Ibilgailu elektrikoa kutsadura isila da eta ez da alternatiba egokia. 

Izterpeko Matxinada izena paratu diozue. Izen berezia, eta deigarria...  
Zugarramurdin eta Urdazubin bizikletari izterpeko matxina erraten diete, Iparraldeko hitza izanen dela pentsatzen dut. Hortik, hitz-joko hori baliatuz, Izterpeko Matxinada, bizikletaren matxinada, erabili dugu. Horrez gain, bertze zentzu bat ere izan dezake, jendea xaxatzeko eta atentzioa deitzeko…

Nor dago matxinada horren gibeletik? 
Ez dut uste talde zehatz bat dagoela erran daitekeenik. Modu indibidualean mugitu den jendea dago, baina mugimendu bat aipatzekotan Energia ona taldea erranen nuke. Hemen, Baztan mailan, biltzen garen pertsona gutti batzuk gara, energia trantsizioa eta ekologismoarekin zerikusia duten gaiez solas egiteko. 

Beraz, lehendik ere biltzen zen talde baten bilkuretan eman ziren lehendabiziko pausoak? 
Bai, horixe da. Gisa horretako ekitaldiak lehenago ere eginak dira, koronabirusaren aitzinetik hasia zen. Talde honek ekologismoarekin lotutako kezkak Baztan mailan hedatzen ditu: hitzaldiak ekarriz, proposamenak eginez…  

Baztandarrek zer jarrera dute mugikortasun arazo honekiko? 
Baztango egoera ez da sobera larria, inguru honetako kezkaren mailan gaudela erranen nuke. Bertze herrialde batzuekin konparatuz, adibidez, Alemaniarekin, Holandarekin eta Europa iparraldeko bertze herrialdeekin, han bai sumatzen da gai horiekiko kezka nabarmenagoa dela. Proposamen serioagoak egiten dira. Euskal Herrian eta Baztanen bereziki ez dago kezkarik. Kezkarik ez egotea nahiko kezkagarria da. Baztan halako udalerri haundia izanik, mugikortasunarekin berezitasuna du. 15 herri izatea ez da herri bat izatea bezala, bata bertzetik nahiko urrun daude eta hor erronka inportantea dugu mugikortasun aldetik. Lizarran bizikletaz mugitzea eta Baztanen egitea ez da gauza bera.

«Hirietan ohikoa da hiria alderik alde bizikletan zeharkatzea»

Baztanen oraindik erregai fosilak erabiltzen dituzten garraiobideak eta kultura barneratuagoa dugu. Mendi ingurua delako, bere orografiarengatik edo dena delakoarengatik motorren inguruko kultura dago: auto onak edukitzea, kotxeak prestatzea, rallyak, mendira joatea eta mendiko motorrak prestatzea… Eta hori gazteen artean erreferentziazko zerbait izaten ari da. Gazte andana ikusten da motorren munduan, erakargarri egiten zaie… Hori da haien aisialdi mota eta ez da jasangarria. 

Garraio publikorik ez egoteak ere indibidualismo hori dakar...  
Ez dago bitartekorik, baina saiakerak bai egon dira. Bertan Baztangoek saiakera egin zuten Bertan Busarekin eta Udaletik ere BlaBlaCar moduko egitasmoak paratzen saiatu izan dira. Ez batak ez bertzeak ez dute arrakastarik izan. Arazo hori ikusita, kezka horrekin, hasi dugu hau. 

Hilabetero biltzeko asmoa adierazi duzue. Data finkoa izanen du? Zein da aurreikusi duzuen plangintza? 
Gure intentzioa hasiera batean hilabetero hirugarren ortziralean egitea zen. Ekainean hasi ginen eta 26an Baztango Gaztetxean Ernaik antolatutako ekimen batzuk zeudenez, asteazkenera pasatzea erabaki genuen. Uztailekoa, berriz, hilaren 18an hitzartu dugu, 12:00etan. Hala ere,  data gutti goiti-beheiti mantentzea da intentzioa, hau da, ahal bada, posible denean behintzat hirugarren ortziralean egitea.

Lehendabizikoa Elizondotik abiatu zen… Ondokoak ere hala izanen dira? Edo abiapuntua aldakorra izanen da? 
Segur aski ere abiapuntua aldakorra izanen da. Gure intentzioa bertze herrietara ere mugitzea da. Herri guztiek behar duten hausnarketa eta aldaketa kulturala da. Bizikleta martxa hau egiteko moduak aldatzea ere pentsatu dugu: egunen batean mozorratua egitea, ikuskizunen bat ekartzea…  

Helburua, beraz, hilabetean behin bildu eta hausnartuz, mugikortasun ohiturak urte osorako aldatzea izanen litzateke, ezta? 
Dudarik gabe, bizikleta hartzea ohiko garraiobidetzat. Horrekin batera zer den posible ere hausnartu beharko genuke. ‘Posible den kasuetan bizikleta erabili’ erraten dugu eta posibilitatea gure erosotasunaren arabera mugatzen dugu. Herri barnean eta artean ere aldatzen ahal da mugikortasun eredua. Hirietan egiten den bezala, posible da Erratzutik Elizondorat, Iruritatik Elizondorat… bizikletan mugitu. Hirietan ez da ezohikoa 20 edo 30 minutu bizikletan edo garraio publikoan pasatzea. Nerabezarotik gaztarora aldaketa gertatzen da, bizikleta utzi eta autoak erabiltzera pasatzen gara eta hori aldatu nahi dugu, gazteek bizikleta eredugarritzat ikus dezaten.  

Ekainaren 24an egin zenuten Izterpeko Matxinada lehendabizikoz. Zein izan zen egin zenuten buelta? 
Elizondoko plazatik abiatu eta Jaime Urrutian, Mendinuetan, Erlategin, Baztan Berrin, Mendinuetan, Santiagon, Datuen, Frantzisko Joaquin Iriarten, Giltxaurdin, Xalbadoren, Abartan, Braulio Iriarten eta Axularren barna plazara bueltatu ginen.

Baztandarrei begira eginak dira edo edozeinek parte har dezake?
Edozeinek parte har dezake, gizarte osoari eragiten diolako eta guztiak ongietorriak dira. Gure intentzioa Baztango mugikortasunean eragitea eta aldaketa kulturala gertatzea da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun