Lorea Lizarreta

«Bisitari aunitzekin egonen naiz udan eta neurriak zorrotz bete beharko ditut»

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 8a, 09:30
Lorea Lizarreta Erratzuko kanpineko igerilekuko soroslea da.

Lorea LIZARRETA INTSAUSTI Erratzuko kanpineko soroslea.

Erratzuko kanpineko igerilekura joateko joera duenak ezaguna izanen du Lorea Lizarreta Intxausti (Erratzu, 1999). Izan ere, «ekain erdialdetik irail hasierara bitarte egunero eta irailean eguraldi ona dagoen asteburuetan» bertan izaten da erratzuar soroslea. Aurten laugarren uda du bertan lanean eta «ardura handiko» lana den arren, gustura dabil.

Aurtengo denboraldia «ekainaren 20an» hasi dute: «azken momentuan hartu zen erabakia». Ohiko datan, ezohiko neurriekin ireki dituzte ateak: «%30eko edukierarekin hasi ginen, 30 lagunekin eta %75era pasatu gara». Aforo hori bera mantenduko dute igerileku osoan: «belardian gehiago sar zitekeen arren, kanpinak urean eta kanpoan hori bera mantentzea erabaki du». Eta hori bermatzeko «erabiltzaileek hitzordua hartu beharko dute. Txandak ordu batekoak izanen dira, baina aforoa betetzen ez den kasuetan jendea egun osoz egon ahal izanen da». 

Aitzineko urteetan, denboraldi altuko egunetan izan ezik, kanpoko jendea joan zitekeen, sarrera erosita. Egoera bertzelakoa da aurten: «kanpinekoendako bakarrik izanen da».

Jende gutiago izanen duten arren, lan gehiago dute sorosleek aurten: «polizia lana ere tokatzen zaigu, sartzeko eta ateratzeko ibilbideak errespetatzen direla, eskuak garbitzen dituztela, distantziak mantentzen direla... egiaztatzea». 
Ea denen artean soroslearen lana errazteko gauza garen! 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun