Ofentsibara

Botila beti erdi hutsik ikusteak eragin lezake botila arruntean hustea, ezkortasuna maiz bihurtzen delako errealitate egiten den zurrunbilo bat. Ruper Ordorikak kantatu zuen bezala, euskaldun izatea nekeza da. Agian, euskaldun izate hutsa baino gehiago, nekeza dena da euskaldun izan, eta erdaldun baten eskubide berberak nahi izatea.

Euskal herritarrek bi hizkuntza jakin behar dituzte derrigor: arabarrek, bizkaitarrek, gipuzkoarrek eta nafarrek, gaztelania; baxenabartarrek, lapurtarrek eta zuberotarrek, frantsesa. Ez du inork bertako hizkuntza jakiteko obligaziorik. Euskara eta obligazioa, gaur egun, utopian edo fikzioan kokatzen dira kasik. Gaztelania eta frantses hiztunek haien hizkuntzak inposatu dituzten estatu bana eduki dituzte. Euskaldunok ez dugu gure eskubideak bermatzeko horrelako egitura bat; gehien jota, gobernu autonomikoak, diputazioak, herri elkargo bat eta herriko etxeak ditugu, Espainiak eta Frantziak uzten duten heinean zer edo zer arautu dezaketenak. Euskarak garai batean ez zuen presentzia du orain bizitza ofizialean, eta, hori, herri mugimenduei esker izan da. Erabakigarriak izan dira euskararen desagerpena eragotzi, euskararen prestigioa euskaldunen artean hobetu, eta harrotasuna berreskuratzeko, baina gaur egun horien ahalmena mugara ailegatzen ari da.

«Euskararen egoera bidegurutze batera ailegatu da, kohetea erortzen ari da»

Beharrezkoa da erakunde publikoetan ofentsiba handi bat egitea, neurri drastikoak hartzea euskara folklorismotik atera eta beharrezko bihurtzeko. Helburu jakinak dituen hizkuntza politika bat diseinatzea eskatzen du horrek, eta, Hego Euskal Herriaren kasuan, hori mahai gainean paratzea alderdi nazionalista espainolei eta Espainiako Gobernuari, haien erreakzioen beldur izan gabe. Ez da normala LTDan 60 kate egotea, eta gehienez horietako lau izatea euskaraz, eta gainerakoetan hizkuntza nazionalaren presentzia hutsaren hurrengoa izatea. Ez da normala Nafarroa Garaian Euskararen Legeak ezartzen duena ere ez bete nahi izatea, eta funtzionario erdaldunak bidaltzea probintziaren iparraldera, edo euskarazko hezkuntza ez bermatzea mistoa erraten dioten eremuan. Erdalzaleak seduzitu, konbentzitu eta ez gehiegi molestatzeko jarrerak eman du eman behar zuen guztia, inoiz zerbait eman badu. Ezker espainolarekin negoziatzeko abagunea eta beharra sortu badira, planto egin behar zaio, eta exijentziak gogor paratu mahai gainean. Euskararen egoera bidegurutze batera ailegatu da, frankismo ondorenean aireratu zen kohetea erortzen ari da, eta, berriz igo dadin, beharrezkoa da erakunde publikoen kontrol kabinak hartzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun