Balkoiak eta leihoak lorez apaintzera animatu nahi du Loraldia ekimenak Baztanen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko eka. 30a, 12:00
Joseba Otondo alkatea eta Arras Baztan Fundazioko Maite Redondo, Loraldia ekimenaren aurkezpenean.

Arras Baztan Fundazioak antolatutako sariketan parte hartu nahi dutenek uztailaren 1etik 15era eman beharko dute izena

Arras Baztan fundazioak Loraldia izeneko ekimena aurkeztu zuen Elizondon ekainaren 29an, astelehen goizean. Sariketa honen bidez herritarren parte hartzearekin herrietan bizi giro ederragoa sortu nahi dute, horretarako balkoiak eta leihoak lorez apaintzera animatuz. Fundazioak erran duenez Baztango ingurumen kalitatea eta irudia hobetu nahi dute, egunerokoa gozagarriagoa izateko. Eginkizun horretan landareek eta loreek bizitzeko herri eder eta atseginagoak egitera laguntzen dutela aipatu dute.

Sariketan parte hartu nahi duten herritarrek uztailaren 1etik 15era izena eman beharko dute. Sarien ematea berriz abuztuaren 1ean eginen da.

Aurkezpenean, Joseba Otondo alkatea eta Arras Baztan Fundazioko Maite Redondo patronatukideak erran dutenez jakitun dira aldi gogorra bizitzen ari garela eta jendeen artean etsipena dagoela. Azalkerietan ibili gabe uste dute horrelako ekimenek herriari buruzko atxekimendua indartzen laguntzen dutela eta, horregatik, lagungarria izaten ahal dela oraingo aldi honetan partaidetza sentimendua indartzeko eta jendeen arteko harremanak indartzeko.

Sariketaren oinarriak https://arrasbaztan.eus/loraldia/ webgunean daude.

Erlazionatuak

Joseba Otondo-Loraldia

Xorroxin irratia 2020 eka 30 Baztan

Maite Redondo-Loraldia

Xorroxin irratia 2020 eka 30 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun