Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko golf belaia egiteko obra baimena eman du Baztango Gobernu Batzordeak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 29a, 13:00

Aroztegiko afera oraindik ez da akitu eta golf belaia egiteko obra baimena eman behar izan du udalak.

EH Bilduk argitu duenez, obra baimena araututako ekintza administratiboa da eta ez dago ukatzeko aukerarik

Joan den asteazkenean Baztango Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Aroztegiko golf belaia egiteko obra baimena eman behar izan zuen. Tokiko Gobernu Batzordea EH Bilduk eta Ezkerrak osatzen dute.

Gauzak argitze aldera Baztango EH Bilduk jakinarazi nahi du «obra baimena araututako ekintza administratiboa dela. Horregatik, proiektuak hirigintzako arauak betetzen baditu, obra baimenik ez zaio ukatzen ahal. Hori da oraingoan gertatu dena».

Aroztegiko proiektua Udalez Gaindikoa den Plan Sektorial bezala tramitatzerakoan, proiektua aitzinarazteko egiturazko aldaketa urbanistikoak Nafarroako Gobernuak onartu ditu, Baztango Udalaren eskumenen gainetik. «Hori horrela, obra baimenaren eskaerak etortzen direlarik, -dagoeneko aipatu dugun bezala- baimena ematea bertze aukerarik ez du udalak», dio EH Bilduren oharrak.

Ikusitakoak ikusita Geroa Bai eta UPN buru izan duten Nafarroako Gobernu desberdinek guzti honetan izan duten ardura nabarmendu nahi izan du EH Bilduk, «beraiek izan baitira eta dira Baztanendako kaltegarria den proiektu honen erantzule politiko nagusiak. Proiektu honek burbuila inmobiliarioaren aldia oroitzen du, lagunen neurrira lurren birkalifikatzeak egiten zireneko aldia… herritarren beharrekin deus ikustekorik ez duen garapen eredua da, krisi ekonomiko batetik bertzerat eramaten gaituena».

Baldintza hauetan Baztango EH Bilduk «pelotazo urbanistiko honen aurkakoa dela» bertze behin erran nahi du. «Proiektu hau 228 familia bakarreko etxe, luxuzko hotela eta golf belaia egiteko lurren birkalifikatzea bertzerik ez da, lurren balio aldaketan oinarritzen dena. Guzti hori lekaroztarren eta baztandarren kontrako iritziaren gainetik, egindako herri galdeketek erakusten duten bezala. Eta Baztango udaleko eta Batzar Nagusiko gehiengoaren kontrako iritziaren gainetik ere bai», dio oharrean.

Betiere, Aroztegiko afera ez da akitu. Hotelaren baimenaren baliogabetzea auzitegietan dago, urbanizazio lanen esleipena ere bai, ermitaren jabetzaren gaia …

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun