Uxoa BERTIZ

«Lanak eta futbolak balantza perfektua sortzen dute nire bizitzan»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 26a, 13:00
Denboraldi-aurrea Osasunaren lehen taldean jokatzeko aukera izateagatik «pribilegiatu» sentitzen da Bertiz.

Uxoa BERTIZ AYUSO Osasuna B taldeko futbolaria

Hurrengo denboraldi-aurrea Osasunaren lehen taldean eginen du Uxoa Bertizek. Eman dioten aukera aprobetxatu nahi luke eta «ongi aritzeko konfiantzaz eta gogotsu» dago

Nonahi baina zelaitik hurbil ibili da Uxoa Bertiz (Elizondo, 1997). Herrian, eskolako taldean, eman zituen lehenbiziko ostikadak, Baztango taldean ibili zen gero. Irungo Mariño taldean bortz urte egin zituen, eta tartean, Euskal Selekzioan aritzeko aukera izan zuen. Ikasketengatik AEBn egindako urteetan, Springfield taldean eta egun, Iruñean, Osasuna Bn dabil. Gehiago ere bada. Denboraldi-aurrea lehen taldean eginen du. Futbolaz eta bizitzaz «gozatzen segitzeko eta gehiago ikasteko» ilusioz gainezka dago. 

Gazterik hasi zinen futbolean. Orduan, segur aski, ez zineten neska aunitz izanen. Nola animatu zinen?
Ttikitatik barruan eraman dut futbola. Lehengusu eta barrideekin etxe azpian milaka ordu pasatu izan ditut futbolean jokatzen, baita eskolako patioan ere. Ofizialki, bederatzi urte nituelarik hasi nintzen, eskolako taldean. Taldeko neska bakarra nintzen eta lotsa haundia ematen zidan mutilen talde batean jokatzen hasteak. Nire lehengusua hor egoteak lasaitasun puntu bat eman zidan eta familiakoen artean animatu ninduten. Lehenengo momentutik taldekideen harrera paregabea izan zen eta taldean bertze bat izan nintzen.

«Futbolaren alde politena ematen dituen lagunak dira»

Beraz, Elizondon bertan hasteko aukera izan zenuen...
Bai, lehenbiziko bortz urteak Elizondon jokatu nituen. Lehenbiziko hirurak eskolako taldean eta bertze biak Baztango taldean. Jokalari zein entrenatzaile guztiak paregabe portatu ziren nirekin... 

Geroztik, non ibili zara?
Ez naiz arras geldirik egon (irri artean). Baztanen bukatu eta 13-14 urterekin Irungo Mariño taldera joan nintzen. Ametsetako bortz urte pasa nituen bertan eta Realean teknifikatzeko eta Euskal Selekzioan jokatzeko aukera izan nuen hiruzpalau urtez. Batxilergoa bukatu eta AEBra joan nintzen nire ikasketak eta kirol ibilbidea jarraitzeko. Springfield-en lau urte pasa nituen ikasten eta futbolean jokatzen eta lehengo urteko maiatzean bueltatu nintzen. Geroztik, Iruñean lan egiten dut eta Osasunan jokatzen dut.

Informatika ingeniaritza ikasketak egin dituzu Missourin (AEBn)… Futbol ibilbidean eragina izan zuen aldaketa horrek?
Aldaketa guztiek eragina izaten dute baina, egia da, bakoitzaren erantzukizunak ere baduela eragina. Erronka pertsonal bezala hartu nuen eta argi nuen karrera aterako nuela futbol maila ahalik eta gutxien jautsiz. Inflexio-puntu bat izan zen nire bizitzan eta atzenduko ez dudan esperientzia izan da.

Ikasketek bideratu dute futbola edo futbolak ikasketak?
Beti pentsatu izan da bat edo bertze aukeratu behar dela eta ez da egia. Ikasketek beti izan dute pisu gehiago nire bizitzan baina bien arteko balantza bilatzea da gauzarik garrantzitsuena. Bizitza ez da beltza edo zuria… 

Lehen ikasketekin batera eta orain lanarekin... Futbola beti presente. Zein da biak uztartzeko sekretua?
Antolakuntza da garrantzitsuena, baita zure lehentasunak zein diren argi edukitzea ere. Egia erran, ni arras ongi moldatu izan naiz beti. Errutina finko bat jarraitu izan dut. Buruarentzat primeran etortzen zait lanean eta futbolean batera ibiltzea. Batak bertzeaz deskonektatzen laguntzen dit eta balantza perfektua sortzen dute nire bizitzan.

«Emakumeok bide luzea dugu baina lehen pausoak ongi eman dira»

Etxealdian nola egin dituzue entrenamenduak?
Inork ez zekien zenbat denbora egonen ginen etxean sarturik, beraz taldekoei zaila egiten zitzaien planifikazio konkretu bat bidaltzea. Ariketak eta errutinak bidali dizkigute baina gu antolatu gara.  

Zer aldaketa sumatu duzu taldean entrenatzetik etxean aritzera?
Niri futbola aunitz gustatzen zait, baina futbolaren alde politena, edozein  talde kirolena bezala, ematen dizkizun lagunak dira. Bakarrik aritzea hotzagoa da eta progresioa neurtzea zailagoa izaten da.

Entrenatu eta zelaira ezin atera. Nola bizi izan duzu egoera hori?
Normaltasunez bizi izan dut. Mundu guztiarentzat egoera atipiko bat izan da eta gure osasuna eta gure ingurukoena zen nire lehentasuna. Futbola bigarren mailan utzi nuen, lehenago eta geroago bueltatuko da.  

Denboraldia bertan beheiti gelditu artean, zer egoera bizi zuen taldeak?
Ia taldekide gehienok kategoria aldaketa izan genuen. Hori horrela, hasieran erritmo eta fisiko aldetik taldeak dezente sufritu zuela erranen nuke. Kategoriako talde gaztetxoena ginen eta bertze taldeetan urte aunitzetako esperientzia duten jokalariak zeuden. Erraten den bezala, esperientzia gradu bat da. Dena den, buelta ematea lortu genuen eta zazpigarrenak gelditu gara, seigarren postutik puntu bakar batera. 

Berriz ere entrenatzen hasiak zarete... 
Hilabete bukaerara arte entrenatzen segituko dugu aitzineko denboraldia ixteko. Uztailean hiru astez oporrak ematen dizkigute eta ondotik aurredenboraldia hasiko dugu. 

Aurredenboraldia lehen taldean eginen duzu. Espero zenuen?
Inolaz ere! Izugarrizko poza eman didan berria izan da eta pribilegiatua sentitzen naiz. Gozatzeko eta ikasteko erabiliko dut.

Nola ikusten duzu zeure burua?
Konfiantzarekin eta gauzak ongi egiteko gogoz nago. Aldaketa aunitzeko urtea izan da eta orain egonkortasuna izateak lagunduko didala uste dut.

Zein da zure erronka?
Ez dut erronkarik. Gozatzen dudan bitartean gauzak ongi egiten ari naizen seinale izanen da. 

Zer egoera bizi dute emakumezko futbolariek?
Azken urte hauetan aitzinera pauso izugarriak gertatu dira. Duela gutti pentsaezina zen emakumezkoen futbol partida bat telebistan ikustea edo haur ttikiek emakume bat erreferentzia gisa izatea. Gaur egun, hori badugu eta pozez betetzen nau. Bide luzea dugu aitzinetik baina lehen pausoak emanak daude, eta ongi gainera!

Etorkizuna nola ikusten duzu?
Joan den urtean, 2019an, iraultza bizi izan genuela uste dut. Lan-hitzarmena, San Mamesko errekorra, Erreginaren Kopa… hilabete gutxitan bultzada haundia lortu dela uste dut eta kirol munduan dugun lekua aldarrikatzea lortu dugu. Uste dut gizartearen izaera aldatzen ari dela eta hori guztia horren isla da. Etorkizun polita aurreikusten dut, ezin ditugu egun batetik bertzera aldaketa erraldoiak eskatu baina hau da jarraitu beharreko bidea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun