Giltxaurdi udal kirol instalazioak gaur ireki dituzte berriz

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 24a, 14:30
Segurtasun neurri zorrotzekin ireki dituzte kirol instalazioak.

Baztango Giltxaurdi udal kiroldegian mugimendua antzematen hasia da. Gaur ireki dituzte ateak eta irailaren 15era arte zabalik egonen da, 11:00etatik 20:00etara. Egoerak behartuta, protokolo zehatza garatu dute irekiera segurua bermatzeko.

Gune termaleko komuna, gimnasioa, igerilekuak eta berdegunea dira ireki dituzten eremuak eta bankuak eta mahaiak, parkeak eta futbol zelaiak itxita segituko dute. Instalazioak desinfektatu, kartel orokorrak paratu, xaboi banagailuak bete, higiene puntuak gehitu... behar izan dituzte.

Igerilekuak %50eko edukiera izanen du eta 10 urtez azpikoak arduradun den pertsona batekin sartuko dira instalazioan. Igerilekuan sartzeko eta ateratzeko ordutegiak izanen dira eta 15 minutuko iraupena izanen du; gimnasioan, berriz, gehienez 20 lagun sartu ahal izanen dira eta txanda bakoitzak 50 minutuko iraupena izanen du (aparatu bakoitza gehienez 15 minutuz). 

Berdegunea eta solariuma

Berdeguneak eta solariumak %50eko edukiera izanen du, eskuoihalen artean 2 metroko distantzia izan behar da eta hamaka erabili nahi dutenek egunero ekarri eta eraman beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun