«Selektibitatea kentzea baino nahiago izan dut gibelatzea, egunotan aunitz dugu jokoan»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 24a, 10:00

Selektibitate betean dago Alba Azkarraga (ezkerrean). Heldu den urtean erizaintza ikasketak egin nahiko lituzke.

Alba AZKARRAGA GOÑI Iruritako gaztea

Ez zaio nahi orduko ailegatuko aurtengo uda Alba Azkarragari (Irurita, 2002). Batxilergoko bigarren eta azken ikasturtean dago, Selektibitate bete-betean egunotan. Barneratutakoa hustu eta nota ona lortzeko lanean ari da, heldu den urtean erizaintza ikasi nahi duelako eta «sarbide-nota altua» behar duelako.

«Ikasi eta ikasi» ari da Alba Azkarraga egunotan. Ikasturte hasiera «gogotsu» hartu zuen, «lan egiteko gogoz» ekin zion. Baina, kontatu digunez, «ikasturteak aitzinera egin ahala gogoa desagertu eta udaren esperoan» zegoen. Hurbiltzen ari zela zirudien arren, ikasturtea ez du nahi orduko akitu, «pixka bat luzatu zaigu» dio umoretsu. 
 
Telelana  

Gustura aritu da telelanean, «denbora eta lana ongi kudeatzeaz gain, ordenagailua erabiltzeko ohitura ere badudalako». 

Azterketak egiteko momentuetan sortzen den «presiorik ez» izatea izan da sumatu duen abantaila nagusia. Dena, ordea, ez da hain polita izan eta «ikasgai batzuetan ez dugu landu beharreko guztia lantzerik izan». 

Horrez gain, ulermena ere zaildu dio, eta bereziki «kimikako azken gaia ulertzea zaila» izan zaiola kontatu digu. 

«Guztiek ez dute errepaso saioetara etortzerik izan»

Lagunak ikusi gabe «hiru hilabete» pasatzea ere ez da erraza izan iruritar gaztearendako. Beraz, gazitik eta gozotik edan du konfinamenduan: «alde batetik gogorra izan da ikasle eta irakasleak ikustera ohituak geundelako eta ikasteko martxa hartua genuelako. Eta bertzetik, errazagoa izan da arnasa hartzeko tartea izan dugulako». 

Ikaskideak ikusi eta prestakuntza jasotzeko, ekainean izan zituzten errepaso-saioetara joan zen Azkarraga: «maskara jantzi, xaboiarekin eskuak garbitu eta gela bakoitzean zazpi lagun egoten ginen...». Arau guztiak errespetatuz, «seguru» sentitu da iruritarra. 

Berak aukera duen arren, bertze batzuen kasua ikusirik, egoera izan den bezalakoa ez balitz, errepaso eskola horietara ikasle gehiago joanen liratekeela iruditzen zaio: «eskoletatik gertu bizi ez diren ikasleek joan-etorria egiteko autobusa izanen luketelako. Gobernuaren ardura da guztiei ikasteko aukera bermatzea eta autobusik izan ez dutenez, ikasle batzuek ez zuten etortzerik izan». 

Selektibitatea
Selektibitateko azken egunetan dabil orain, urduri, «aunitz dugulako jokoan». Bere kasuan, gainera, erizaintza ikasi nahi duenez, gainditzearekin aski ez eta nota behar du. Zentzu horretan, «selektibitatea kentzea baino aukera hobea» iruditu zaio gibelatzea. 

«Telelanean arnasa hartzeko tartea izan dugu»

Ortziralean, ekainaren 26an, guztia atzentzeko aukera izanen du eta hortxe hasiko da uda, «selektibitateko azken azterketa egin ondotik!». 

Mantsoxeago hasiko duen arren, gozatzeko modua harrapatuko du: «bestarik ez dagoen arren, lagunekin denbora pasatuz gozatu ahal izanen dut». Eta, «ahal bada» gozamena eta lana uztartu nahi lituzke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun