Mieltxo Sobrino

«Kaparetasuna ikertuta, egungo Baztan hobeki ulertu ahal izan dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 26a, 09:00
Mieltxo Sobrinok gradu bukaerako lana egiteko beka jaso du Baztango Udalaren eskutik.

Mieltxo SOBRINO ETULAIN Arizkungo gaztea.

Baztango Udalak ikasketa proiektuak garatzeko ematen duen dirulaguntza baliatuz, Baztango kaparetasun unibertsala aztertu du Mieltxo Sobrinok. Ikasitakoa «funtsezkoa» iruditu zaio egungo Baztan hobe ulertzeko.

Istorioak eta historia leitzea gustuko izaki, ikasketak zaletasunaren ildotik bideratzea erabaki zuen Mieltxo Sobrinok (Arizkun, 1998). Ez da damutu eta, gaur gaurkoz, Historia gradua ikastea «erabaki ezin hobea» izan zelakoan dago.Ikasketak akitzeko Gradu Amaierako Lana akitzea baino ez du falta eta, dagoeneko, aurkeztu aitzineko zertzeladak lantzen ari da. Kontatu digunez, kaparetasun unibertsala izan du aztergai, euskal lurraldeetan izan zuen eraginetik abiatu eta fokua Baztanen jarriz. Lana osatzeko, handik eta hemendik irakurri eta artxiboko dokumentazioa bildu du. Azterketa «arras aberasgarria» gertatu zaio arizkundarrari, «orduko hamaika bitxikeriaren berri izateak egungo Baztan hobeki ezagutzeko» aukera eman baitio.

Baztango kaparetasun unibertsala izan duzu aztergai. Zergatik aukeratu zenuen gai hori? 
Egia errateko, nire hasmentako nahia Lehen Gerrate Karlistaren inguruan ikerlan bat egitea zen, ziurrenik Baztango ikuspuntuan zentratuko nukeena. Azkenean, ez zen posible izan eta  Gradu Amaierako Lanen zerrendak atera zirenean, kaparetasun unibertsalaren gaia ikusi nuen. Bertan, euskal probintziak Hispaniar Monarkian nola txertatu ziren aztertu behar zen. Gai hori proposatu zuen irakaslea momentu horietan nire Aro Berriko irakaslea zen. Berarekin solas egin nuen eta, gai hori eskuratuz gero, Baztango kasuaz hitz egitea posible izanen zela erran zidan.  

«Beka pizgarri izan da eta lana egiteko motibazio handia eman dit»

Azal ezazu, bi hitzetan, lanaren nondik norakoa...
Lanaren hasieran, sarrera moduan kaparetasun unibertsala zer zen eta euskal lurraldeetan nola hedatuz joan zen azaldu dut. Herri oso bat kapare bezala izendatzea, Europa mailan salbuespenezko egoera izan zen, gehienbat Kantauri isurialdean gertatu zena. Ondotik, baztandarren kasuan zentratu naiz. 

Nori aitortu zitzaion kaparetasun unibertsala eta zer ondorio zekarren kapare izendatzeak? 
Gaztelako erregeek, kaparetasun unibertsala aitortu zieten Bizkaia eta Gipuzkoari osotasunez eta Nafarroa eta Arabari partzialki. Azken bi hauetan, soilik hiribildu eta bailara batzuek ezagutu zuten kaparetasunaren aitorpena. Kapare izendatzeak garai hartan abantaila aunitz suposatzen zituen. Fiskalitatearen aldetik, zergak ordaintzearen salbuespena zeukaten (bertzelako ordainketa batzuk egin arren) eta ikuspegi juridikotik, hainbat abantaila eduki zituzten, lurraldearen arabera aldatuz joan zitezkeenak. Batzuk aipatzearren: ezin ziren kartzelaratuak izan zorpetuak egoteagatik, ezin zitzaien torturatu, eta hala izatekotan, torturatzaileak isun handi bat ordaindu beharko zuen. Lur komunalak banatzerako orduan, eskubide handiagoak zituzten eta abar. Behe nobleziaren partaideak izan arren, aunitzetan bertako jendea arras pobrea izaten zen. Baina kapareak zirenez, haien noblezia frogatzeko prozesu juridiko bat egiteko aukera zeukaten (noblezia exekutoria edo odol garbitasunarena). Aitorpen horrekin, euskal lurraldeak utzi eta penintsulako zein Ameriketako lurraldeetan kargu garrantzitsuak betetzeko aukera zeukaten, horietako aunitz soilik nobleek betetzen ahal baitzituzten. Paperaren gainean, komunitate hauek berdinez osaturikoak izanen ziren, baina errealitatean salbuespenak egon ziren. Nik salbuespen horiek eta kaparetasunak sorrarazitako barne-tentsioak aztertu ditut. Amaieran Baztandik kanpo atera ziren gazteez solas egin dut, batzuek arrakasta handia lortu baitzuten, kaparetasunak ireki zizkien aukerei esker. 

«Kaparetasunak sortutako barne-tentsioak aztertu ditut»


Baztandarren kaparetasun unibertsalaren errekonozimenduaz geroztik, nola zorroztu ziren bailarako auzokide izateko irizpideak?
1440an baztandar guztiak kapare bezala onartuak izan arren, abantaila horiek soilik auzokide zirenei mugatuak gelditu ziren. Auzokide hitza eskubide osoko biztanle bezala ulertu behar dugu hemen. Abantailak eta betebeharrak zituzten. Hauen aitzinean, auzokideak ez zirenak zeuden, habitantes edo moradores bezala deiturikoak. Azken horiek ezin zuten politikan eta lur komunalen erabileran parte hartu. Bailarako ordenantzen (bailara administratzeko lege sortak) bitartez, kapareen abantailak auzokideei mugatu zizkieten, eta ez biztanle guztiei, erregeek zioten moduan. Horrela, bertze neurrien artean, auzokide izateko lau aiton-amonak baztandarrak zirela frogatu beharko zen. Ezkontzaren bitartez kaparetasuna lortzea zaildu egin zuten eta kanpotarrak zirenak, haien jatorrizko lurraldean kapareak zirela frogatu beharko zuten auzokidetasuna lortzeko.

«Auzokideen borrokarik gabe jauntxoen esku legoke bailara»

Gatazka sozialean ere jarri duzu arreta...
Baztandar guztiak kapare bezala aitortzeak, bailaran tentsioak bi zuzenbidetan hauspotu zituen. Batetik, dorretxetako jaunek bailarako buruzagitza zeukaten, alkate eta gerra kapitainak ziren heinean. Ordea, auzokideek kontra egin zieten urte luzez, denak nobleak zirela eta jauntxo haiek baina gutxiago ez zirela argudiatuz. Horrela, egungo egitura administratiboaren oinarriak lortuz joan ziren. Bertzetik, auzokideek ez zizkieten auzokide ez zirenei kaparetasunaren abantailez gozatzen utzi nahi. Etengabe, auzokide izateko neurriak zorroztu zituzten. 

Zer izan da azterketan deigarrien egin zaizuna?
Auzokideek jauregi edo dorretxetako jendearekin epaiketetan sartzeko adorea izan zuten. Hauen borrokarik gabe, jauntxo hauek urte luzez edukiko zuten bailararen kontrola, haien interesak lehentasunezkotzat hartuz.  

Zer oinarri erabili duzu lana egiterako orduan?
Batetik, lanaren gehiengoa sintesi bibliografikoan oinarritu dut. Horretan, tutoreak eta Aro Berriko departamentuko bertze irakasle batek aunitz lagundu didate, liburuak, artikuluak eta bertzelako irakurgaiak bidali eta gomendatuz. Bertzetik, ikuspegi originalago bat lortzearren, Iruñean dagoen Nafarroako Erret Artxibo Orokorreko bi agiri landu ditut, arras interesgarriak. Biak Arizkunen dagoen Jauregia dorretxeko ondorengoekin zerikusia daukaten epaiketak dira, 1680 ingurukoak.   

«Baztandar batzuek izaniko arrakastak harritu nau»

Hainbat bitxikeria harrapatu izanen dituzu... Baduzu erranguratsu gertatu zaizunen bat aipatzerik?
Zalantzarik gabe, gehien harritu nauena baztandar batzuek lortutako arrakasta da. Ikertuz joan hala, erregearen ondoan jarduten zuten ministroak, militarrak, merkatariak, gizon aberatsak eta goi-elizako kideak topatu ditut. XVIII. mendean bereziki, nafarrek oihartzun nabarmena utzi zuten estatuaren administrazioan, horien artean baztandarrak gehiengoa izanik.  

Zer ondorio atera duzu azterketa horretatik?
Gai honen ezagupena funtsezkoa iruditu zait egungo Baztan hobeki ulertzeko, egun gizartearen antolakuntzan eta paisaian aztarnak utzi baititu. Gainera, baztandarren 'lehen ateraldi' bat bultzatu zuenez, gerora etorriko zen artzainen emigrazioarekin batera, egun baztandarren abizenak Amerika zein penintsulan barrena aurkitzea azalduko luke. 

Udalak ikasleei emandako laguntza hori Baztango historia ikerketak biltzeko lagungarri da? Zergatik?
Zalantzarik gabe. Gure historian interesa dutenentzat pizgarri eraginkorra izan daiteke, laguntzaren bidez, herritarrak, historia irakurtzeaz gain, artikuluak edo ikerlanak egitera anima daitezen. Nik jendea historian miatzen hastera animatuko nuke. Historia ez da data eta pertsonaien zerrenda luze hutsa. Ziur naiz, pixka bat ikertuz gero, jendeak berezitasun aunitz topatuko dituela bere herriaren inguruan, gustukoak izanen dituenak eta egungo egoerak eta paisaiak kontestuan jartzen lagunduko diotenak.

Aitzinera begira zein da zure asmoa?
Klasekide gehienen antzera, etorkizuna ez daukat batere argi. Momentuz irakaskuntzaren bidea baztertuta utziko dut. Agian, artxiboetan lan egiteko masterra eginen dut datorren ikasturtean. Bertzela, urte bat pasatu nahi nuke inguruan lanean, ideiak argitu bitartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun