Azpilkueta eta Zuaztoiko saneamendu eta zolaberritze lanak akitu berri ditu Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 18a, 18:00

Saneamendu eta zolaberritze lanak egin dituzte Azpilkuetan.

Ur zikinak tratatzeko hustubidearen eta arazketa depositoaren proiektuak onartu ditu

Aurtengo inbertsio kozkorrena gaurgero akitu du Baztango Udalak, Azpilkueta eta Zuaztoiko saneamendu eta zolaberritze lanak, hain zuzen.  Azpilkuetako ur hornidura eta saneamendu, zolaketa lanak eta zerbitzuen lurperatzeak  267.998,90 euroko kostua izan du. Lanak Mariezkurrenak egin ditu eta obren idazketa eta zuzendaritza berriz, LKS ingieneritzak. Bertzalde, Azpilkuetako Zuaztoi auzoan ere ur hornidura eta saneamendu, zolaketa lanak eta zerbitzuen lurperatzeak egin dituzte. Egindako inbertsioa 498.458,59 eurokoa izan da. Kasu honetan ere lanak Mariezkurrenak egin ditu eta obraren idazketa eta zuzendaritza LKSk. Aipatu lanek Nafarroako Gobernuaren diru laguntza izan dute, Tokiko Inbertsio Planetik %70 hartuz.

Betiere Azpilkuetako eta Zuaztoiko saneamendu lanak eginda ur zikinak tratatzeko hustubidearen eta arazketa depositoaren proiektuak onartu ditu Baztango Udalak. Azpilkuetakoak 97.683,10 euroko aurrekontua du eta Zuaztoikoak 117.227,66 eurokoa. Proiektua NILSAk kudeatzen du eta %100ean finantziatuko du.

Modu berean, Zigaurreko saneamendu lanak egin ondotik auzoko ur zikinak Oharrizeko araztegiarekin lotzeko proiektua ere onartu du udalak.172.775,48 euroko aurrekontua du eta Nilsak %100ean finantziatuko du.

Baztango Udalak saneamendu kanona kobratzeko garrantzia oroitarazi nahi die herriei; horri esker aipatuta lanak egiten ahal baitira.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun