Baztan eta Bertiz abentura parkeek larunbatean irekiko dituzte ateak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 18a, 11:00
Gozamenerako tartea izanen dute Bertiz eta Baztan abentura parkeetan.

Ekainaren 20an, heldu den larunbatean, Baztango eta Bertizko abentura parkeak irekiko dituzte. Normaltasun Berrian sartzear gauden honetan «askatasunaz gozatzeko» tartea izanen da, eta «horretarako Baztan eta Bertizaranako txoko zoragarri hauek aukera paregabea ematen digute» kirol abenturaz gozatzeko.

Baztan Abentura Park

Baztan Abentura Park Elizondoko Beartzun auzoan kokatua dago eta 2015ean Fituren Parke hoberenaren lehenengo saria lortu zuen. Parkea Beartzungo arroilaren inguruan dago, Baztango ikuspegi ederrak ikus daitezkelarik. Nagusi eta lau urtetik goitiko haurrendako egokitutako ekintzak daude, horrela Beartzungo erreka gurutzatuz lau tirolinako zirkuitu eder bat egin dezakete. Bertan arroil edo akuapark natural bat badago ere, rapelak, ferrata bide txiki bat, putzutara saltoak, txirristak... egiteko aukera paregabea eskainiz (nagusientzat zein sei urtetik aitzinerako haurrentzat).

Aipatutako ekintzez gain, 200 metroko Ferrata Bide zoragarri bat egiteko aukera dago, kirol honek eskaladako sentsazio berak bizitzeko aukera ematen ditu baina segurtasun osoz, horretarako kable sitema berezi batek bezeroa unero lotuta edukitzen du segurtasun osoa bermatuz (nagusientzat eta zortzi urtetik aitzinerako haurrentzat).

Parkeko bestee ekintza zoragarri bat lau tirolina erraldoien bidez Beartzungo arroila gurutzatzean datza, 220-280-300-450 metro luze eta 120 metro altu dituzten tirolina hauetatik txoriaren ikuspegi bikain bat izanen dugu, horrela arroila beste ikuspegi batetik ikus daiteke (nagusientzat eta sei urtetik aitzinerako, nagusi batekin tandemean).

Eta arront ausartak direnentzat 100 metroko pendulo salto erraldoi bat dago (zubi saltoa gisakoa), kirol hau nagusi eta 15 urtetik goitikoendako prestatua dago (gurasoen baimenarekin).

Bertiz Abentura Park

Bertiz Abentura Park Bertizaranako Narbarte herrian kokatua dago, bertan urtxintxak bezala zuhaitzez zuhaitz ibil daiteke segurtasun osoa bermatzen delarik, horretarako parkea osorik berritua izan da segurtasun sistema aurreratuena ezarriz, bezeroa unero kable bati lotuta egoten da, laxatzea ezinezkoa bihurtzen delarik. Bertan 60 joku baino gehiago daude eta sei tirolina daude, arrunt egokia da alturetan konfiantza hartzen hasteko (nagusi eta hiru urtetik goitiko haurrentzat).

Erreserbak

Baztan eta Bertiz abentura parkeez gozatzeko erreserbak aitzinetik egin behar dira 659 08 14 31 edo 609 46 17 41 telefonoen bidez. Parkeak 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:30era irekita egonen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun