COVID-19: Elkarrizketak

«Azkarki izanen dira ni baino makurrago daudenak»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 24a, 08:00

82 urterekin konfinamendu garaian bakarrik ederki moldatu dela dio Maria Jesus Huarte zigatarrak.

Maria Jesus HUARTE MENDIBURU, bakarrik bizi den 82 urteko zigatarra

Etxe inguruan «arras ongi» bizi dela kontatu digu Maria Jesus Huarte Mendiburuk (Ziga, 1937), «inoren laguntzarik gabe» moldatzen dela eta ez duela «kexatzeko arrazoirik».

Duela hamahiru urte gelditu zen alargun Maria Jesus Huarte eta ordutik bakarrik bizi da: «lau ume ditut eta denak kanpora esposatuak dira, nahiz eta hurbilean ditudan». Hala ere, konfinamendu garaian «problemarik gabe» moldatu zela dio. Igandetako mezak edo arratsaldetan barrideekin egiten zituen solasaldiak alde batera utzi behar izan zituen. Agindutakoari kasu eginez, bakarrik pasatu zuen konfinamendu garaia, «seme, errain edo biloben bisitarik gabe». Eta kontatu digunez, beharra zuenean, «mandatuak etxe atarian uzten zizkidaten». Tarte horretan «telefonoz egunero solas eginez» mantendu zuen haiekin harremana, eta «etxeko terraza handian ibiliz» eta bertzelako kontuekin «ez nintzen aspertu». Gehiago ere aitortu digu: «bere denboran, gidabaimenik ez dudanez izan, azkarki ibilitakoa naiz eta orain ez dut oinez ibiltzeko gogorik, nahiz eta ongi nagoen. Etxean terraza handia dut eta hantxe ibilita nahikoa dut».

«Barrideak larrainean berriz juntatzen hasiak gara, baina gure artean distantzia mantenduz»

Itxialdian pasatuta, lehengo martxara bueltatzen hasia da Huarte, baina segurtasun neurriak hartuta: «denbora ederra baldin bada, barrideak arratsaldetan larrainean berriz juntatzen hasiak gara, baina gure artean distantzia mantenduz. Gustura aritzen gara kontu-kontari, baina erraten digutena egiten dugu. Denbora txarrarekin ez gara biltzen baina ez aspertzeko telebista eta baditugu».

Hortik aparte, ezohiko egoera honek «kezka eta beldurra» sortzen dizkiola ere onartu digu: «gu ongi gaude, baina gure ondotik heldu direnek ez dakit zer ikusi beharrak izanen diren». Bera «arras ongi» dagoela eta «zaintzen» dela gaineratu digu, «eta inoren laguntzarik gabe ederki moldatzen» dela. Baina bere irudiko, «eritasuna ez da oraino arras akitua» eta horretan «zenbait tokitan errandakoa ez egiteak» zerikusia duela uste du. «Gu hemengo herri ttiki hauetan guti gara eta ongi gaude, baina hiri handietan... Beldur naiz ez ote den eritasuna gibelera etorriko». Egoera ikusita, «miseria» etorriko delakoan dago zigatarra. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun