Presoen alde ekainaren 20an 'Izan bidea' dinamikarekin bat egiteko deia egin du Baztango ezker abertzaleak

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 15a, 09:00
Sarek antolatutako 'Izan Bidea' martxarekin bat egiteko deia egin du Baztango ezker abertzaleak.

Baztango ezker abertzaleak, Sarek deituriko 'Izan Bidea' dinamikarekin bat eginez, ekainaren 20an Sarasate pasealekutik Iruñeko espetxeraino eginen duten martxa ibiltarian parte hartzeko deia egin du.

Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak espetxeetako egoera «gogortu» du, «hainbat kasutan, muturreko egoeretaraino eramanaz presoen eta euren senideen egoera». Sarek emandako datuen arabera, «gaur egun, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso ditugu; 70 urtetik gorako bi preso daude, 65 urtetik gorakoak 12 eta 60tik gorakoak 24. Estatu Espainiarrean kartzelan dauden euskal presoen %80a etxetik 1.000 eta 400 kilometro artean daude eta Estatu Espainiarrean dauden 198 euskal presoetatik 156, 1. graduan daude». Gaixoen egoerari, «Covid-19a dela eta ezarritako alarma egoerak ekarritako kalte gehigarriak gehitu behar zaizkio; urruntze politika dela eta indarrean den bisiten debekua, gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten motxiladun haurrak edota gaixotasunaren hedapena ekidin asmoz ezarri diren espetxe barruko neurriak, zeinaren ondorioz, espetxealdia oraindik eta bortitzagoa bilakatu den».

«Muturreko egoera» horiez gain bertze batzuk ere badaudela gaineratu dute: «Julen Atxurrak izan duen garuneko isuria, Frantziako Estatuak espetxean 30 urte daramatzan Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna ekiditeko enegarrenez jarri duen helegitea, Josu Urrutikoetxeari aske uzteko eskaera ukatu izana edota hirugarren graduan egonik sei euskal presok baimenarekin ateratzeko oraindik duten debekua gehitu behar zaie». Patxi Ruizen «egoera larria» ere horren adierazle da, euskal presoei ezartzen zaien salbuespen politikak eragin duen muturreko egoera, hain zuzen ere. Eta honek, euskal presoen «egoerari irtenbide bat emateko dagoen premia agerian uzten du» berriz ere.

Espainia eta Frantziako gobernuek «euskal presoei ezarritako salbuespen legedia bertan behera utzi behar dute behin-betiko». Egoerak berak erakusten duen «urgentziaz». Hori dela eta, datorren ekainaren 20an, berriz ere, herritar oro mobilizatzera deitu du Sarek, Sarasate Pasealekutik 17.30ean abiatuta Iruñeko espetxeraino eginen duten martxa ibiltarian. ‘Izan Bidea’ dinamikarekin bat eginez, «preso eta iheslarien etxerako bidean bultzatzeko, denok izan behar dugulako bide horren parte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun