COVID-19: Elkarrizketak

«Ez dut bertzeen laguntzarekin bizi nahi, nik lana nahi dut»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 14a, 08:00

Lenar Joaquin LAU MARTINEZ, Elizondon bizi den nikaraguarra

«Triste» eta «nahi eta ezinean». Halaxe dago duela bi bat urte Elizondora ailegatu zen 29 urteko Lenar Joaquin Lau Martinez nikaraguarra. 6 eta 4 urteko haurren aita izaki, «Nikaraguan egoera zaila zelako eta lanean egonkortasuna bilatu nahian» etorri zen, baina «egunero pentsatzen dut sorterrira bueltatzea».

Hiru hilabete daramatza lanik gabe, «hiru hilabete semeei deus bidali gabe», eta «arras gogorra» egiten ari zaio. Egoerak hala behartuta, Urdazubin bizi diren senitartekoei eta Bartzelonan duen arrebari laguntza eskatu behar izan die, baina «lotsa» sentitzen du horrela ibilita, «ekarpenik egin gabe eta bertzeen laguntzarekin» egunak joan eta egunak etorri: «beti bakarrik atera naiz aitzinera eta honat ez nintzen bertzeak molestatzera etorri, lanera baizik. Paperik gabe, lanetik noiznahi botatzen zaituzte, eta logela bat errentan hartzeko sosik ere ez dudanez, familiakoei molestatuz ibili naiz». Izeba eta lehengusina baten bitartez ailegatu zen Elizondora, baina «lanean eta ekonomikoki egonkortasunik izan ez dudanez batetik bertzera ibili naiz. Urdazubin bizi izan nintzen, Bilbon, Donostian eta Madrilen ere bai eta berriz Elizondora bueltatu nintzen».

Orain, «arrebaren laguntzarekin bizirauten» ari dela kontatu digu, «baina ez dut horrela segitu nahi. Gainera, arreba ere koronabirusaren ondorioz, lanik gabe gelditu da. Eta nik argi dut lana egin nahi dudala». Bere hitzetan, etorkinek ez dute lehentasunik: «lehenbizi bertan sortutakoak daude eta gero gu». Berak, ordea, «etorkinoi lanerako aukera ematea» nahi luke: «bertakoak garen edo ez erreparatu gabe, lanean gure gaitasuna erakusteko aukera eskaintzea nahi nuke». Horixe baita berak amesten duena: «kontratu batekin lanean ari, gisa honetara nire semeei lagundu ahal izateko».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun