«Beharrak» bultzatuta utzi zuen 42 urteko Helen Judith Cordobak Nikaragua, eta «bizimodu hobea bilatzeko eta bide batez, familiari, amari, amatxiri, senideei eta ilobei, laguntzeko asmoz» Baztanera ailegatu zen, duela zortzi bat urte. Iruñean dituen senitartekoek emandako dirulaguntzari esker egin zuen bidaia, eta «sei hilabeteren buruan lana bilatutakoan dirua itzuli nien». Etorri zenean, «ia urte batez» Azpilkuetan bizi izan zen, «amaren ahizpa bizi den baserrian», eta gaur egun, Elizondo du bizileku, lehengusinarekin batera.
Onartu digu «hasiera arras zaila» egin zitzaiola, «paperik gabe lana bilatzeko oztopoak» izan zituelako. Gerora, «hiru urteren ondotik, bizileku-baimena lortutakoan «egoera hobetu» omen zitzaion.
Azken aldian, ordea, «ekonomikoki gaizki» dabil: «zaintzen nuen adinekoa joan den azaroan hil egin zen eta berriz lan bila hasi behar izan nuen. Bila eta bila, azkenean, ostatu batean sukaldari laguntzaile lanetan aritzeko lana lortu nuen, baina hasi eta zortzi egunetara koronabirusa tarteko, alarma egoera ezarri zuten. Berriz lanik gabe gelditu nintzen».
Argi du «krisi honen ondorioak are okerragoak izan direla etorkinontzat», eta bere irudiko, «paperik gabekoentzat oraindik okerragoa da egoera». Bere kasuan, legalki arazorik ez badu ere, sosik jaso gabe dago aspaldian: «ERTEtik ere oraindik ez dut deus hartu». Eta egoera horretan, Baztango Udalaren janari bonoa eskatu behar izan du.
Etorkizuna ere iluna ikusten du nikaraguarrak: «gu lanera etorri ginen, etorkizun hobe baten bila, eta bertakoentzat etorkizuna zaila baldin bada, are zailagoa izanen da etorkinontzat».