COVID-19: Elkarrizketak

«Orduka han eta hemen lan eginez bizirauten ari gara»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 13a, 12:00

Juan Manuel MATUTE CANALES, Elizondon bizi den nikaraguarra.

«Aukera handiko herrialdea» zela pentsatuz, eta Nikaraguan,  «kontabilitateko ikasketak egin arren, egoerak okerrera egina zuela eta lanerako aukerarik ez zegoela» ikusita, «arriskatzea eta abentura bati ekitea» erabaki zuen 28 urteko Juan Manuel Matute Canalesek duela bi urte. Halaxe lurrartu zuen Elizondon eta «arras kontent» dagoela aitortu digu, «jende zoragarria» topatu duelako. Esker oneko hitzak ditu Bidelagun Elkartearendako ere, «etorri nintzenean Bidelagun Elkartean parte hartzen hasi nintzen eta harrera ederra egin zidaten».

Baina dena ez da berak nahiko lukeen bezalakoa. Alde batetik, «familia guztia» Nikaraguan du eta «gogorra» egiten zaio etxetik urruti egotea. Eta bertzetik, «lana bilatzeko zailtasunak» aipatu ditu: «paperak behar bezala ez badituzu, ez zaituzte kontratatzen, eta orduka han eta hemen lan eginez bizirauten ari gara». Koronabirusa tarteko, «asteburutan gizonezko bat zainduz egiten nuen lana galdu dut» eta lanik gabe dago konfinamendua hasi zenetik. Baina gastuek hor segitu dute eta «zailtasunak» dituzte hilabete hondarrera ailegatzeko: «etxebizitzaren errenta berdin-berdin ordaindu behar izan dugu. Eskerrak lagunei, beti dago laguntzeko prest dagoen jendea eta haiei esker lortu dugu ordaintzea». Baztango Udalaren elikagai bonoa ere eskatu behar izan du.

Bere ustez, koronabirusaren ondorioz sortu den ezohiko egoera honetan «ondorioak aunitz ere okerragoak» izaten ari dira etorkinendako: «aunitz lanik gabe gelditu garelako». Horregatik dio egoera «gogorra» izaten ari dela beretako eta bere egoeran daudenendako. Etorkizuna, berriz, «ziurtasunik gabea» ikusten du, nahiz eta bera lanerako gogotsu egon. Hala ere, ez du itxaropena guztiz galdua: «aitzinera eginen dugula uste dut».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun