«Ingurukoek animatuta» orain bi urte herriko besta batzordean sartzea erabaki zuen Itsaso Urrutiak (Elizondo, 1998). Ordutik, elkarteko gainerako kideekin batera, ilusioz parte hartzen du bestak antolatzeko lanetan. Aurten, ordea, ez du ereindakoaren uzta jasoko, «egoerak behartuta eta pena haundiz» bestak alde batera utzi behar izan dituztelako. Heldu den urterako gordeko dituzte indarrak eta, «denen artean errazago izaten denez», besta batzordera gonbidatu ditu herritarrak.
Nola banatzen dituzue egitekoak eta zein izaten dira zure ardurak?
Ez dugu zeregin zehatzik izaten, bileretan adosten dugu dena eta denen artean betetzen ditugu betebeharrak: musika taldeak, haurren ikuskizunak, publizitatea, programazioa...Aurten lehenbiziko eguneko kontzertuak antolatu nituen baina egunak aitzinera joan ahala egiteko gehiago izaten da.
Noiz erabaki zenuten bestak alde batera uztea?
Maiatz erdialdean, ez dakigu uztail bukaeran zein egoeratan egonen garen eta bizi dugun egoera honekin aitzinerat ateratzea arras zaila izanen zela ikusi genuen.
Erabakia hartzea zaila izan al zen?
Denek argi genuen arren, lan aunitz egin ondotik, dena lotua genuenez zaila izan zen.
Iruritan bestak alde batera utziagatik keinu batzuk egin dituzte. Zuek ere zerbait eginen duzue?
Oraindik ez dugu deus solastatu, oraindik dezente falta delako baina aitzinerago elkartuko gara eta solastatuko dugu. Sare sozialen bidez zerbait eginen dela pentsatzen dut seinale gisa... baina horiek herriko etxeak kudeatzen ditu.
Besten faltan, aitzinerago zerbait antolatzeko asmoa duzue?
Hori da denek nahiko genukeena, baina ezin dugu ziurtatu. Ez dakigu aitzinerago nola egonen garen, ezta zer baldintza izanen dugun ere. Esperantza da galtzen den azkena.
Zein ekitaldi da bereziki faltan sumatuko duzuna?
Santiago bezperan kuadrillakoekin izaten dudan bazkaria, Gazte Eguna eta zikiroa, kontzertuetatik aparte. Aurten arras besta politak antolatuak genituen.
Elizondoko bestek jende aunitz mugiarazten dute. Zentzu horretan, besta gabe gelditzeak aunitzengan eraginen du...
Bai herriko ostatuek sumatuko dute gehienbat. Baina bertze komertzio aunitzetan ere eragin ekonomikoa izanen du. Hondarreko urteetan jende aunitz etorri da Elizondora...