COVID-19: Elkarrizketak

«Koronabirusa dela eta, sorterrira egitekoa nuen bidaiarik eta lanik gabe geldituko naiz»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 10a, 07:30

Yara Sabrina DIAZ GONZALEZ, Elizondon bizi den nikaraguarra

Nikaraguan «lan finkorik eta egonkorrik ez» zuelako erabaki zuen Yara Sabrina Diaz Gonzalezek Elizondora etortzea: «ama ezkongabea naiz eta bi seme ditut. Haiek mantentzeko lana behar nuen».

Psikologia ikasketak eginagatik, «ez nuen horri lotutako lanik aurkitu eta negozio bat ere martxan jarri genuen eta jatekoa lortzeko adina ematen bazigun ere, ez zuen gehiagorako eman, adibidez, etxe bat izateko». Hala, «herrialdean ere egoera halakoa zela ikusita» eta tarte horretan, lehengusina batek egindako gonbitari tiraka, Jalapa herria utzi eta hegazkina hartzea erabaki zuen 40 urteko nikaraguarrak: «lehengusinak lana lortzea kosta egiten zela baina lor zitekeela erran zidan eta sorterritik ateratzea erabaki zuen».

Bidaia, ordea, bakarrik egin zuen, «orduan 9 eta 5 urte zituzten semeak han utzita». Duela lau urte izan zen, eta haiek ikusi gabe dago geroztik: «bidaiatzeko behar den bizileku-baimena lortzeko hiru urte behar dira». Lortua zuen hori ere, eta hainbertze denboran desiatzen egon ondotik, martxoaren 24an joatekoa zen sorterrira bisitan: «baina koronabirusaren ondorioz, dena hankaz goiti gelditu zen eta hegaldia bertan behera utzi behar izan nuen».

«Etorkinontzat koronabirusaren ondorioak aunitzez ere okerragoak izaten ari dira. Horregatik geldituko naiz urrian lanik gabe»

Heldu den astean beteko dira lau urte Baztanera ailegatu zenetik: «Bortz egun egin nituen Donostian eta handik Elizondora etorri nintzen, 2016ko ekainaren 15ean izan zen». Aitortu digunez, «gustura» bizi da Elizondon eta «eroso» sentitzen da, «jende ona topatu dudalako». Orain arte «lanetik lanera, ordezkapenak eginez eta lanpostu finkorik gabe» ibiltzea tokatu izan zaio, baina joan den urtean urtebeterako lan finkoa lortu zuen: «Erratzuko etxe batean, arras gustura nago familiarekin». Esker oneko hitzak ditu beraiendako, «haiek egin zizkidaten paperak eta orain bizileku-baimena dut, heldu den urteko otsailaren 1ean berritu beharko dudana». Koronabirusaren ondorioz sortu den egoerak, ordea, hegazkina ez ezik, lana ere galduaraziko dio: «etorkinontzat koronabirusaren ondorioak aunitzez ere okerragoak izaten ari dira. Horregatik geldituko naiz urrian lanik gabe».

Elizondon bizitzen zein Erratzun lanean «gustura» badago ere, «arras-arras gogorra» egiten zaio semeak urruti izatea: «nahi izanda ere, ezin ditut ekarri, ez dudalako egonkortasunik. «Etorri nintzenetik, lan batetik bertzera ibili naiz, ordezkapenak egiten, deus finkorik lortu gabe, eta orain pisu batean banago ere, orain arte gela batetik bertzera ibili izan naiz. Zaila da semeak ekartzea».

«Paperak erregulatutakoan gauzak bertze manera batekoak izanen direla iruditzen zaigu, aukera gehiago izanen ditugula, baina inguruan ikutsen dudanagatik ez nuke hala denik erranen»

Etorkizuna ere «zaila» izanen delakoan dago: «paperak erregulatutakoan gauzak bertze manera batekoak izanen direla iruditzen zaigu, aukera gehiago izanen ditugula, baina inguruan ikusten dudanagatik, ez nuke hala denik erranen. Paperak dituztenek ere ez dute lanik aurkitzen».

Horren ordez, «lanerako eta etxebizitzarako aukera gehiago izatea» nahi luke Diazek, «zailtasunak nonahi» topatzen dituelako. «Pisu ttikietan etorkin aunitz bizi gara, ez dugulako erraztasunik. Gaur egun, 350-450 euro ordaintzen dira pisuak, eta ni Elizondora etorri nintzenean 250 euro ordaintzen ziren. Aunitz garestitu da etxebizitzaren prezioa baina soldatak baxuak dira».

Hortik aparte, «oro har, gizartean, denek etorkinek egiten dugun lana ez dutela baloratzen» uste du. «Aunitzetan interna gisa aritzen gara lanean, eta batzuek ez dugula deus ere egiten uste dute. Gu, ordea, 24 orduz hor egoten gara. Badira etorkinen egoerarekin aprobetxatzen direnak ere». Horregatik eskatu du «etorkinek egiten dugun lana gehiago baloratzeko». Argi mintzatu da: «ez gara inori kalte egiteko etorri, bizimodu hobe baten bila aitzinera egiteko nahiarekin etorri gara».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun