COVID-19: Elkarrizketak

«Arizkun Rock antolatzeko gogotik lan egin dugu eta bertan behera uzteko erabakia hartzea ez da goxoa izan»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 1a, 16:00

Albaro Soule Arizkun Rock antolatzen aritzen da.

Albaro SOULE GARCIA, Arizkungo gaztea

«Konpromisoa hartu eta borroka eginez lor daitezkeen gauzetan sinesten duen 28 urteko gaztea» da Albaro Soule (Arizkun, 1992). Bi alderdi horiek uztartuz, 2014ko ekainaz geroztik, «herri bizi, zoriontsu eta eraikitzaile baten aldeko apustua egin» eta «etika, kultura eta musika» lortzen dituen Arizkun Rock besta jendetsua antolatzeko lanetan dabil.

Irail-urri aldera hasi ziren jaialdiaren seigarren edizioa antolatzeko lanetan. Ordutik apiril hondarrera bitarte, buru-belarri aritu dira lanean: «sustengu ekonomikoa lortzeko eta herriari bizia emateko antzerkiak, proiekzioak... antolatu ditugu». Lana eta gozamena eskutik ibili dira bide horretan, «gauza horiek antolatzen gozatu egiten dugu, jendearen erantzuna ikusita gehienbat». 

Aurten, ordea, ez dute aitzinera egiterik izanen, koronabirusa tarteko, bertan behera utzi behar izan dutelako:  «dena uztea eta hainbertze lan egin ondotik ezin ospatzea ez da goxoa izan». Azken momentuan etorri da erabakia «bertze aukerarik ez» zutela ikusi dutenean: «dena lotua genuen, eragile guztiekin etengabeko komunikazioan egon gara hau dena ateratzeko... Kostu ekonomikorik ez baina pertsonala bai eragin digu bertan behera uzteak». 

Zain egon diren guztiei eta babesa eman dietenei esker oneko hitzak bidali dizkie Soulek: «animoak eta indarrak transmititu dizkiguten horiei mila esker aunitz, beraiek baitira proiektu hau mantentzen dutenak». Ekaineko besta haundirik izanen ez bada ere, birusak ez ditu «herritik eta herriarentzat, herriaren alde» lan egiteko indarrak itzali. Hortaz, «aitzinerago ekitaldi gehiago antolatzeko ideiak» bizirik dira eta «guk lanean segituko dugu, beharbada, inoiz baino gehiago».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun