Aurkene Perurena

«Naturarekiko errespetua lantzeko beharra ikusten dut inguruan»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 30a, 14:00
Aurkene Perurenak mendia maite du.

Aurkene PERURENA AGIRRE, Elizondoko gaztea

Natura maite du eta naturak kezkatzen du Aurkene Perurena. Horri loturik egin ditu ikasketak eta bukaerako proiektu gisa «naturarekiko kontzientzia lantzeko» proiektu bat diseinatu du.

Zaindu maite duzun hori dio erranak eta horixe da Aurkene Perurenak (Elizondo, 2000) sustatu nahi duena: «mendia eta natura maite dut eta horrek kezkatzen nau». Hurbil sentitzen du eta hurbil sentitu du beti, «mendi artean hezi naizelako». Ezagutzen duenak badaki kirolaria ere badela, eta biak uztartuz ibiltzen da maiz, «hasieran nire kabuz hasi nintzen eta gero txirrindularien talde batean eman nuen izena». Bizikletan edo oinez, maldan goiti, mendi kaskoak izaten ditu jomuga baztandarrak. Dena den, «gaur egungo kirolari aunitz ez bezala, ez naiz kronometroari begira ibiltzen, sentsazioekin, asteko ordu eta kilometroak kontatu gabe» baizik. Helburua argia da: «natura sentitu eta arnastea» eta «emaitzarik onena barne poztasun hori izatea da niretako».  

«Emaitzarik onena barne poztasuna izatea da niretako»

Natura kanpoan eta barnean, natura aisialdian eta lanean. Halaxe eraiki nahi luke bere etorkizuna eta bide horretatik egin ditu ikasketak: «Lekarozen kirolarekin lotutako erdi mailako zikloa» egin zuen lehendabizi eta «Donostian gorputz eta kirol animazioa eta irakaskuntza» akitu berri du orain.

Naturarekiko errespetua langai
Zikloari bukaera emateko aisialdiko natur ekintzak sustatzeko proiektu bat diseinatu du, «Baztango haur eta gazteei zuzendutakoa». Helburua «naturan egindako ekintzen bidez gazteei krisi ekologikoaz kontzientziatu eta irtenbidea ematen saiatzea» da eta, horretarako, adinaren arabera, bi talde sortu ditu: «adin ttikikoekin, baso heziketan oinarritutako hezkuntza ez formala eskaintzea da helburua; handiagoak direnekin, berriz, mendiko kirolak ezagutzea eta auzolan edo ikastaroak antolatzea». Gisa horretan, «elkarrekiko eta naturarekiko errespetu eta zaintza» landu nahi ditu. 

«Gehienak kuadrilletan biltzen gara eta bertze adinetako edo kuadrilletako jendearen lagun izatea kosta egiten zaigu»

Hezkuntza formalaren mugak urratzeko bideak dira proposatzen dituenak, bere ustez «horrek ez dituelako haur bakoitzaren erritmo eta beharrak errespetatzen». Sormena lantzeko bitarteko gisa ulertzen du natura eta alderdi horretan dagoen gabezia bete nahi luke: «gaur egongo haurrek, ez dute txabolarik, arkurik... Haurrak “aspertzen naiz” behin erran eta mugikorra ematen diogu, bakea emateko. Haurra aspertzea beharrezkoa da, irudimena garatzeko!».

Gazteak ere kezka iturri dira berarentzat, «pasibotasun eta berekoitasun handia» ikusten duelako: «gehienak kuadrilletan biltzen gara eta bertze adinetako edo kuadrilletako jendearen lagun izatea kosta egiten zaigu». Zentzu horretan, «harremantzeko, hausnartzeko eta kirola egiteko espazioa» sortzea beharrezkoa delakoan dago eta bide horretan «ostatuez aparte, badira saretzeko mila bide, mila leku, mila jende». 

Pantailetatik aske, naturaren erdian
Pantailen erabilerak «mugak gainditu» dituela sentitzen du eta «Internetak eman digunak ez du merezi kendu diguna kontuan hartzen badugu…». Bereziki, sare sozialen «erabilera masiboak» kezkatzen du: «lagunekin elkartu eta urruti dagoenarekin mugikorretik solastatzeak, mendira argazki batengatik joaten direnak… Ezin dugu ahaztu kaskora ailegatu eta gure begiekin ikusi beharra dugula paisaia argazkia atera aitzinetik. Denok egin dezakegu lanketa, luzera, eskertuko duguna!».
Hori guztia jorratzeko eta eskualdeak dituen «baliabide natural anitzak» ustiatzeko, Baztanen kokatu du proiektua, «ttikitatik bertako basoa, erreka… ezagutu eta maitatuz gero, etorkizunean emaitza positiboak ekarri ditzakeela» uste duelako. 

«Ttikitatik bertako basoa, erreka… ezagutu eta maitatuz gero, etorkizunean emaitza positiboak izan daitezke»

Hizkuntza eta kultura zainduz 

Proiektuak zehar lerro batzuk eta aparteko tresnak ere eskaintzen ditu, «tokiko hizkuntza eta kultura» lantzeko aukera ere eskaini nahi izan baitu: «taldeen izenak adibidez, euskal mitologiako izakien izenak dira». Tartean, bildu dituen jarduerek ere ezagutza horri bide emateko modua eskaintzen dute: «adibide gisa, baserri batera bisita egin eta lehenagoko lana eta tresnak ezagutzeko, aitatxi-amatxien kondairak aditzeko, kontrabandisten istorioez gozatzeko, dantzatzeko… jarduerak bildu ditut».

Proiektua sortu eta erakutsi
Proposamena ezagutzera emateko webgune bat paratu du eskura: https://herenaisialdianaturan.blogspot.com eta, hemendik, interesa dutenei sartzeko gonbidapena luzatu nahi izan die. 

Momentuz hitzak dira guztia, «errealitatea bezala irudikatzeko eskatu digute eta behar baten harira sortu dut hau». Diseinutik hasten da dena, eta hori aitzinera ateratzea «zaila» izan daitekeen arren, ez du aukera baztertu: «etorkizunean gauzatu nahi nuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun