Joseba Otondo Baztango alkateak, Josu Barambones (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Ruiz Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatutako epaimahaiak azpimarratu duenez, « itzultzaileak jatorrizko obraren letrari eta estiloari tentuz eta zentzuz jarraitu die euskaraz baliokide bat sortzeko garaian. Ahalegin horretan bereziki nabarmentzekoa da elkarrizketen bizitasuna, italierazko obran erabiltzen den lagunarteko erregistroa imitatu nahian. Ildo horretan, itzultzaileak egin hautaketa lexikoa lagungarri gertatzen da. Orobat joskeraren errazari esker, testuak ederki korritzen du, eta irakurleek eroso irakurriko dute.
Bekaren xedea
Beka honen xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten itzulpen lana egiteko beka egokitu da.
Lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel A. Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019ko hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu eta urte hasieran aurkeztu du Josu Barambonesek. Iaz Miren Gorrotxategik irabazi zuen sormen beka, eta urte bukaerarako bukatuko du eleberria. Dena onbidean, Koldo Bigurik egindako itzulpena 2022ko ilbeltzean aurkeztuko da.
Irabazleari buruz
Filologia ikasi zuen Koldo Bigurik (Gasteiz, 1962), eta, gaur egun, irakaslea, euskaltzain urgazlea eta itzultzailea eta interpretea da. Senez aldizkariko zuzendaria izan zen 1994-1999 bitartean, eta EIZIEko lehendakari 2000-2002 urteetan.
1992an hasi zen literatura itzultzen, gehienbat literatura italiarra. 2000 urtean, Napoliko Unibertsitatean egin zuen lan, euskal morfologiako irakasle gisa. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle da Gasteizko Letren Fakultatean.
Halaber, euskal itzultzaile aitzindarien memoria historikoaren berreskuratze lanetan ibili da, Lurdes Auzmendirekin batea, EIZIEk argitaratzen duen ‘Itzulpen Antologia’ bilduman.