COVID-19: Elkarrizketak

«Ekainean hobekuntzarik ez bada egoera arriskutsua izan daiteke»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 31a, 12:00

22 urte daramatza Altzuartek Zalainen lanean eta azken bi urteetan kargan ari da.

Juan Manuel ALTZUARTE, Transformados Zalaingo langilea

Eskualdeko enpresa handienetakoa da Transformados Zalain, gaur gaurkoz, «250-270 langile inguru» dituena. Tartean da Juan Manuel Altzuarte (Oronoz-Mugairi, 1977), kargako langilea.

Altzuartek kontatu digunez, fabrikan koronabirusaren eragina sumatzen hasi zirenean «neurri zorrotzak» hartu zituzten: «otsail erdialderako garbitasuna zaintzen eta maskarak eta eskularruak erabiltzen hasi ginen».

Aitzinerago, ordea, beharrezkoak ez ziren jarduerak itxi zituztenez, «apirilaren 1etik lan erregulazioan» dago. Berak bezala, «gerenteak, produkzioko nagusiak eta teknikoak, giza baliabideetakoak eta segurtasuneko langileak izan ezik» denek «irailera arte» ERTEa sinatua dute.

«Zalain ezaguna da, egiten dituen produktuengatik eta produktu horien kalitateagatik. Hori momentu honetan urrea da»

Langileak eta enpresak adostutakoa «solastu bezala betetzen ari direla» eta pixkanaka lanean hasiak direla aipatu digu: «maiatzetik txanda batean lanean ari gara». Hori ez zaio aski iruditzen Altzuarteri eta «ekainean hobekuntzarik ez bada egoera arriskutsua izan daitekeela» uste du.

Egoerari aitzin egiteko, euren alde ikusten du enpresaren balioa: «Zalain ezaguna da, egiten dituen produktuengatik eta produktu horien kalitateagatik». Hori, egoera honetan bereziki, «urrea» dela iruditzen zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun