Xanti Garmendia

«Taldeak onartzen ez badira monitore guztiontzat lanik ez da izanen»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 30a, 12:00
Lau urte daramatza Bertiz Abentura Parkean lanean Xanti Garmendia.

Xanti GARMENDIA, BKZko langilea

Martxo hasieran hasi zuten Bertiz Abentura Parkean denboraldia eta «kontu eman orduko» itxi behar izan zituzten ateak. Bertako monitore da Xanti Garmendia (Elizondo, 1996) eta «bertzeak bertze, tirolinetan bezeroak lotzen eta raftingak gidatzen» aritzen da. Bere lanean eragin zuzena izan du itxierak, gainezka egon beharko lukeen momentuan, etxean baitago: «martxotik azarora lan dezente egiten dugu eta aurten hasi eta bi astetara etxera bidali gintuzten».

Guztira «monitore, sukaldari, bulegoko langile eta garbitzaileak barne, 25 bat langile» dira bertan lan egiten dutenak eta «gaur gaurkoz, gehienok behintzat aldi baterako lan erregulazio txostena dugu. Bulegokoak lanean ari direla uste dut baina ez nago seguru». Langile horiez gain, izanen dira eragina sumatuko dutenak «udan, udalekuak tarteko, aunitzez ere monitore gehiago» izaten baitira.

«Talde handiekin lan egiten dugu eta hori da gure kezka»

Bueltatzeko datarik ez duten arren, «ERTEa ekainaren 30era arte» luzatzen ahal dutela uste du baztandarrak: «dena den, irekitzeko baimenaz ez digute deus erran». Martxan hasten direnerako, aurreikuspenak ez dira nahi lituzkeenak. Izan ere, «talde handiekin lan egiten dugu eta hori da gure kezka. Aurten ez dut uste hori baimenduko dutenik, beraz, monitore kopurua jaitsi beharko dela pentsatzen dut».

Neurriak betetzeko izanen dituen «zailtasunen beldur» dago elizondoar gaztea, «arnesak lotzeko, neoprenoak paratzeko… kontaktu fisiko dezente izaten dugu bezeroekin». Etorkizuna «arraroa eta aldaketaz betea» espero duen arren, ekiteko gogotsu dago: «ederki moldatuko garela uste dut». Baimentzen dutenean seguru bikain hasiko direla, herritarrek tentsioak askatzeko eta beldurrak baretzeko aukera ezin hobea aurkituko baitute gisa horretako jardueretan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun