Zohikaztegien papera azpimarratu du Nafarroak Natura 2000 Sarearen Europako Egunean

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 22a, 15:00

Klima-aldaketaren testuinguruan, ekosistema garrantzitsu horiek lurreko karbonoaren % 30 biltegiratzen dute. Nafarroan garrantzitsuenetakoak diren bi Baztanen daude, Arxurikoa Ibainetako Zelain eta Belateko portukoa

 

Natura 2000 Sarearen Europako Egunaren edizio berri batean, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bereziki azpimarratu du ingurune zohikaztegien eginkizuna, lurreko karbonoaren % 30 biltegiratzen duten funtsezko ekosistema gisa. Hori, CO2 hustubide gisa egiten duten lana dela eta, garrantzi berezia du klima-aldaketaren testuinguruan. Nafarroan, duten garrantziarengatik ondorengoak aipa daitezke: batetik, Arxuriko zohikaztegia (Ibainetako Zelai), Baztanen, kontserbazio-egoera bikainean aurkitzen dena eta Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoan jasotako loreen espezie ugari dituena; eta, bertzetik,  Belateko portua, Nafarroako zohikatz biltegi garrantzitsuenetarikoa duena, ia 4 metroko sakonerarekin.

Maiatzaren 21ean Natura 2000 Sarearen  eguna da; hau da, Europar Batasunean biodibertsitatea kontserbatzeko eremuen sarearena, Europan mehatxatuenak diren espezieak eta habitatak babesteko, eta, aldi berean, planetako sare ekologiko handienaren eguna. Nafarroako lurraldearen %27a sarean sartuta dago, eta 281 hektarea eta balio ekologiko garrantzitsuko 40 espazio natural baino gehiago ditu.

Habitat Zuzentarauaren arabera ezarritako Kontserbazio Bereziko Eremuek (KBE) eta Hegaztiak Zuzentarauaren arabera Hegaztientzat izendatutako Babes Bereziko Eremuek (HBBE) osatzen dute. Sarearen helburua da Europan espezien eta habitat moten biziraupena ziurtatzea epe luzera, biodibertsitatearen galera gerarazten lagunduaz.

Natura Sareakoa izanik, biodibertsitatea babesteko eta kontserbatzeko ekintzen artean, aurten Life Tremendal proiektuaren (2012-2020) lana nabarmendu behar da; bertan Departemntuak eta Nafarroako Ingurumen Kudeaketa enpresa publikoak (GAN-NIK) parte hartzen dute, eta proiektuaren helburua da Nafarroako lurraldeko zohikaztegi eta zohikatz ingurune garrantzitsuenak kontserbatzea eta berritzea.

 

Zohikaztegiak, funtsezkoak biodibertsitaterako eta paleoingurumeneko informaziorako

Zohikaztegiak putzuz betetako lurzoruak dituzten lur-eremuak dira, tenperatura baxua izan ohi dute eta ur azidoak eta elikagai gutxikoak; ondorioz, baldintza ekologiko oso bereziak izateagatik, materia organikoa deskonposatzeko prozesuak mugatuak dira, eta, beraz, zohikatz eran pilatzen da. Baldintza horiek berak esperientzat mugatzaileak direnez, zenbait landare eta animalia bereziki egokituta aurkitzen dira eta batzuetan babestutako espezieak; hori dela-eta, biodibertsitatea kontserbatzeko garrantzi berezikotzat jotzen dira.

Zohikaztegietako biltegi organikoetan, kontserbazio-egoera onean dauden landare-hondakin fosilen kontzentrazio handiak aurkitzen dira; hortaz, inguru horietako landarediari, klimari eta paisaiari buruzko paleoingurumen azterketak egiteko informazio-iturri nagusietariko bat da duela milaka urtetik hona. Sedimentu fosil horien azterketa erreminta nagusietako bat izatera iritsi da landaredia berreraikitzeko glaziazio kuaternarioetatik gaur egunera arte.

Zohikaztegien azalerarik handiena Europako eta Amerikako iparraldean aurkitzen da, lurraldeko eremu zabaletan. Hego aldera, gero eta gutxiago daude baina, tamaina txikikoak izan arren, bertako espezien dibertsitate handia dago, iparraldeko zohikaztegiak izotzarekin estalita egon baitziren glazioazioetan zehar. Modu horretan, espezien benetako gordailuak dira, eta, beraz, garrantzitsua da horiek aztertzea eta aldaketa-klimatikoaren baldintzetan eta berotegi-efektuko gasen isurpenei dagokienean zer-nolako portaera duten ezagutzea, ezinbestekoa baita Europako kontinenteko beste zohikaztegi batzuek nola erantzun dezaketen ulertzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun