COVID-19: Elkarrizketak

«Besten hutsunea betetzeko otorduren bat egitea espero dugu»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 22a, 07:30

Maria Barrenetxe, Azpilkuetako bestetako antolatzaileetako bat.

Manex URRUTIA eta Maria BARRENETXE, Azpilkuetako bestetako antolatzaileak

«Antolatzen hasi aitzinetik» hartu zuten bestak bertan behera uzteko erabakia Manex Urrutiak eta Maria Barrenetxek: «apirilean, bestak prestatzen hasi baino lehenago, alkatearekin solas egin genuen eta bestak bertan behera uztea erabaki genuen».

Bi urtero, bestak antolatzeko arduradunak aldatu ohi dituzte Azpilkuetan. Aurten Manex Urrutia eta Maria Barrenetxek zuten ardura hori, baina «ospatu ahalko izanen ziren jakin gabe antolatzen ari beharrean, bertan behera uztea» erabaki zuten.

Biren artean eta «gazte eta herritar aunitzen parte-hartzearekin» antolatzen dituzten bestak izaki, egiteko dezente izaten dute: «musika taldeak kontratatu, haurrentzako jolasak antolatu, otorduetarako erosketak egin... behar izaten ditugu. Kioskoa muntatzen, afaria zerbitzatzen, txoznan... aunitz laguntzen digute».

Aurten hori guztia egiterik ez dute izanen, baina «bestak konpentsatzeko» zerbait antolatzea espero dute: «normaltasunera noiz bueltatuko garen ez dakigu baina afari edo bazkariren bat antolatzea espero dugu».

«Heldu den urtean ospakizun bikoitza izanen da»

Uda «tristea» izanen dela jakitun dira, «herriko bestak urtean zehar guttitan ikusten ditugun lagunekin egoteko aukera ematen dute eta aurten hori ez da posible izanen...». Halere, egoera honetan «zentzuzkoena» hori saihestea delakoan daude: «heldu den urtean ospakizun bikoitza izanen da». 

Herrikoen faltan, «uda bukaerako bestak bederen ospatzea» espero dute, «uda delako seinalea izateko». Normaltasunera bueltatzen denerako, berriz, herri ttikietara joateko gonbidapena bidali dute: «herri ttikietara etortzera animatu nahiko genituzke, ongi pasatzeko eta hurbilekoak laguntzeko aukera dagoelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun