Baztango Zaintza eta Elkartasun Sareak hirugarren bilera eginen du maiatzaren 25ean

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 18a, 17:00
Elizondoko plazan eginen dute batzarrea heldu den astelehenean 18:00etan. Argazkia: Patxi Iriarte (Foto Zaldua)

Heldu den astelehenean, 18:00etan Elizondoko plazan

Baztango Zaintza eta Elkartasun Sarearen hirugarren bilera eginen dute maiatzaren 25ean, astelehenean 18:00etan Elizondoko plazan. Orain arte egindako bi bilerak mugatuak egin behar izan dira legearen gorabeherak medio, beraz kolektibo, eragile eta mugimenduko kideen ordezkariekin egin dira. Covid-19aren krisiaren deseskaladaren bigarren fasearen sarrerarekin batera bilerak jendetsuagoak egin daitezke eta, beraz, sarea osatzeko bertaratzera gonbidatu dituzte baztandarrak.

Sarea hiru ardatzen bueltan antolatzen da: Zaintza, oinarrizko eskubide sozialen defentsa eta antikapitalismoa.

Taldea ez da COVID-19 testuingurura murrizten, baina egoera horretan jada sortu den eta etorriko den krisiaren ondoriozko kezketan du sorburu. Horren harira, zenbait arazo identifikatu zituzten maiatzaren 3an eta 11n egindako bileretan: baztandar guztientzako elikagaien hornikuntza falta, alokairuak ordaintzeko zailtasunak eta etxe kaleratzeen arriskua, etorkinen egoera estua, bakarrik bizi diren adinekoen egoera, gizarte zerbitzuen irismen falta, Baztango etxebizitzen egoera, eta abar. Arazo horiei eta bertze hainbati aurre egiteko Baztango herri mugimendua batzea alimaleko aurrerapausoa izan daiteke.

 

Heldu den astelehenean eginen duten batzarrean honakoak izan daitezke martxan hasteko dinamikak:

1. Sarearen orain arteko ibilbidea eta aurkezpena

2. Batzordeen sortzea, hiru proposatuko dituzte:

- Zaintza batzordea: zaharretxea izanen duena hasteko hizpide.

- Oinarrizko eskubide sozialen defentsaren batzordea: etxekaleratzeak izanen dituena hasteko hizpide.

- Ideologiaren batzordea: guztia ideologiaz beztituko duena, antikapitalismoa, feminismoa.

3. Batzordeetan solastutakoa komunean jartzea

4. Dinamika, elkartzeko maiztasunaren eta moduaren adostea

Beraz, erran bezala, datorren astelehenean, maiatzaren 25ean, 18:00etan Elizondoko plazara hurbildu eta guztion artean elkartasun sarea sortuko dute: «Hartu diezaiogun aurre elkarrekin krisi honi. Baztandarrok elkar zaindu gaitezen!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun