Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektua lizitaziora atera du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 18a, 07:18
Belate eta Almandozko tunelak bikoizteko lanak 2022. urtetik aitzinera hasiko lirateke.

1,5 milioi euroko aurrekontua du eta interesa duten enpresek ekainaren 17ra arte aurkez ditzakete eskaintzak

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak N-121-A errepidean, Iruñea-Behobia tartean dauden Belateko eta Almandozeko tunelak bikoizteko proiektua idazteko lizitazio-iragarkia argitaratu du, eta  1.500.000 euroko aurrekontua du, BEZa barne. Estatuko Gobernuak kontratazio-prozedura administratiboak izapidetzeko epeak eten ondoren argitaratu da, betiere epe horiek bitarteko elektronikoen bidez gauzatzen badira. Interesa duten enpresek ekainaren 17ra arte aurkez ditzakete eskaintzak.

Lanak esleitu ondoren proiektua idazten hasiko da. Lanak egiteko epea hamasei hilabetekoa da, eta kontratua sinatu eta biharamunean hasiko dira.

Eraikuntza proiektuan Belate eta Almandozko tunelak bikoizteko beharrezkoak diren obrak zehaztuko dira, hodi berriak lehendik dauden tuneletatik ahalik eta hurbilen eraiki daitezen. Halaber, tunelen arteko aire zabaleko errepide-zatia bikoiztea (2 kilometro luze), eta egungo galtzada eta errepide berria lotzeko egin behar diren trazadura-zatiak definitzea (bikoiztuta, zatiaren hasieran eta bukaeran).

Era berean, eraikuntza-proiektuak Belateko eta Almandozko egungo tunelak eguneratzeko beharrezkoak diren obrak zehaztu beharko ditu, bai eta hodi berrietatik trafikoa nola desbideratzen den aztertu ere, eraiki ondoren, egungo tunelak eguneratzeko beharrezkoak diren jarduketak egin ahal izateko.

Gogoratu behar da 2019ko urrian Nafarroako Gobernuak Belate-Almandozko tunelak bikoiztea erabaki zuela. Jarduera horri esker, batetik, tunel horien segurtasuna handitu ahal izanen da, 3,6ko arrisku-indizea baitute Belaten eta 2,3koa Almandozen. Arrisku handiko tuneltzat jotzen dira tunelak, eta, bestetik, Europako Errepideen Sareko tuneletarako gutxieneko segurtasun-baldintzei buruzko 2004/54/CE Zuzentaraua bete ahal izanen da.

 

2022tik aitzinera hasiko ziren lanak

Tunel horiek bikoizteak abantaila nabarmenak dakartza azpiegiturak Europako araudira egokitzeko beste aukera batzuen aldean: behin betiko irtenbidea da, bi hodi dituenez, zirkulazio-noranzkoak independenteak dira eta tunel bakoitzean zirkulatzen duten ibilgailuen kopurua murrizten da, eta luzetarako aireztapena nahikoa da, hodi bakoitzeko zirkulazioa noranzko bakarrekoa baita. Gainera, ibilgailu bat hodi baten barruan matxuratuz gero, haren barruan errei bat mozteko aukera ematen du eta bertze erreitik pasatzen uzten da.

Gorabehera larriagoa bada, hodietako bat erabat itxi daiteke zirkulaziora, eta trafiko guztia bertze aldetik desbideratu, aldi baterako “bi noranzkokoa” eginez, Belateko portura desbideratu beharrik gabe. Nolanahi ere, larrialdi-taldeen esku-hartzea azkarragoa da.

Aurreikusitako egutegiaren arabera, 2022tik aitzinera hasiko dira lanak, eta 2024aren amaierarako edo 2025aren hasierarako, Europako Saretik 500 metro baino gehiago dituzten Nafarroako errepide-sareko tunel guztiak zuzentarauaren segurtasun-baldintzetara guztiz egokituta egon daitezkeela uste da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun