COVID-19: Elkarrizketak

«Ez dut sinetsi nahi bestarik gabeko urtea izanen denik»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 15a, 15:30

Alaitz Arretxea, Berroetako gaztea.

Alaitz ARRETXEA ETXEBERRIA Berroetako gaztea

 

Guztien artean eta guztientzat. Horrelaxe antolatzen dituzte bestak Berroetan. «Otsailean edo martxoan» biltzen dira lehendabizioz eta «herritar bakoitzaren lanak zehazten» dituzte, «hurrengo batzarrerako» egin ditzaten: «bakoitzak bere lana izaten ditu: musika, ostatua, ekitaldiak, otordua...». 

Berriki arte horretan aritu dira herritarrak, baina «konfinamendua luzatzen ari zela ikusita» ez ospatzea erabaki dute. «Hondarreko momentura arte» esperatu dute, «jende kopuru aldetik ez direnez handiak libratuko ginela uste genuen-eta» aitortu digu irri artean. Ailegatzear zirela ikusita, ordea, alde batera uztea erabaki eta hitzartutako ekitaldiak ezeztatzeko deiak egiten aritu dira: «ezetz erratea pena izan da baina deituko diegu berriz ere». 

Oraingoz ez, baina aitzinerago bilatuko dute bestarako gogoa asetzeko modua. «Uzten diguten momentuan» bertan hasiko dira astebururen bat bilatzeko lanetan eta «herrikoendako bederen» zerbait antolatuko dutela argitu du: «egindako lanak planifikatzeko balioko digunez, lan hori egina izanen dugu!» adierazi digu. Berroetar gazteak ez luke bestarik gabeko urtea irudikatu nahi, are gehiago, «ez dut sinetsi nahi bestarik gabeko urtea izanen denik». Orain artean, «aditu dudanagatik, Berroetan beti ospatu dira bestak» eta horrela ez izateak «pena» eragiten dio: «pentsa, sanmartinak izatetik mendekosteak ospatzera pasa ziren urtean sei hilabeteko tartean bi aldiz ospatu zituzten». 

«Maratoi erdia irailean egitea pentsatzen ari gara»

Ez dira bestak bakarrik gogoan dituenak: «maiatzaren 10ean egitekoa zen IV. Mendi Maratoi Erdia, gure bertze plan aunitz bezala, gibelatu behar izan dugu». Izen-emate kontuak Herri krosa erakundeak kudeatzen dizkiela argitu du Arretxeak eta alde horretatik ez dute aparteko lanik izan: «erakundea bera izan da kirolariekin kontaktuan jarri dena, ospatzerik izanen ez dugula erran eta ordaindutakoa bueltatzeko». Datari dagokionez, berriz, «nahiko positibo» direla eta «irail aldera aldatzea» pentsatzen ari direla aitortu digu, «nahiz eta oraindik ez dugun deus zehaztu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun