Patxi Irigoien

«Pena izan da Erratzuko bestak bertan behera utzi behar izatea, azken urteetan indar handia hartzen ari zirelako»

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 28a, 11:00
Bestak antolatu eta gozatu egin ditu hondarreko bi urteetan Patxi Irigoienek. Aurten, ohiko egunetan behintzat, ez du horretarako aukerarik izanen.

Patxi IRIGOIEN Erratzuko gaztea

Hondarreko bi urteetan herriko bestak antolatzeko lanean aritu da Patxi Irigoien (Erratzu, 1994). Aurtengoarekin akitzen du bere lana, eta hurrengo bati pasako dio bere lekukoa: «denoi egokitzen zaigu noizbait ardura hartzea, bi urtetarako. Nik aurten dut azkena». Ez du nahi bezala itxiko ibilbidea, aurten ez baitute bestarik izanen; baina keinu ttipiren bat egiteko modua bilatzen saiatuko dira: «menturaz udazkenean ospatuko dira».

Bestak antolatzen aritzen zara… Noiztik?

Duela bi urte hasi nintzen. Bestak denen artean eta autogestioz antolatzen ditugunez, denoi egokitzen zaigu noizbait ardura hori hartzea. Aurten dut azkenengo urtea.

Zenbat laguneko taldea arduratzen da antolakuntzaz eta nola banatzen dituzue ardurak?

Lau lagunen ardura izaten da. Bi urtero, bi lagun sartzen dira damunausi (danbolin nagusi) izatera, taldean bi urte bete dituztenen bi kideen hutsuneak betetzeko. Egia erran, arras batzarkoiak gara eta bilera aunitz egiten ditugu. Whatsapp taldean ere dena kontsultatzen dugu elkarrekin, etengabeko komunikazioa izaten dugu.

Zein izaten dira zure egitekoak?

Herriko bestetako ekitaldi nagusiak antolatu eta hauek aintzinera ateratzea da gure egitekoa. Musikariak kontratatu, pilota jaialdia antolatu, ostatua prestatu, diru kontuak eraman etab. Erran daiteke, orokorrean, aurpegia ematen dugunak gu garela, baina denen laguntza izaten dugu.

«Aurpegia ematen dugunak damunausiak gara baina denen laguntza izaten dugu»

Nondik lortzen duzue bestak antolatzeko beharrezko dirua?

Inauteetan, eskean (puska-biltzean) dirua biltzen dugu, inauteetako gastuak ordaintzeko. Hor bildutako parte bat bestetarako gelditzen da. Gero ekainean, besten aitzinetik berriz etxez etxe ibiltzen gara, kasu honetan damunausiak bakarrik, dirua biltzeko.

Noiz hasten zarete bestak antolatzen?

Inaute aitzineko azken bileran, hasten gara komentatzen bestetako proposamenak, beraz, otsailaren hondar aldera hasten gara.

Noiz erabaki zenuten bestak bertan behera uztea?

Konfinamenduan ginela, bilera telematiko bat egin genuen damunausien artean eta erabaki genuen hoberena, bestak,  bertan behera uztea zela, izan ere, nahiz eta ekainean jada, “normaltasun berria” izanen dugun, ez dugu jakinen hondar momentu arte zer egin ahalko dugun eta zer ez. Ezjakintasunean egoteak bultzatu gaitu erabakia hartzera. Arraroa izanen da aurten Erratzu sanpedrorik gabe.

«Ezjakintasunean egoteak bultzatu gaitu erabakia hartzera»

Ekitaldi guztiak lotuak zenituzten?

Denak ez, baina gehienak bai: egun guztietako musikari guztiak finkatuta geneuzkan, pilota jaialdia ere antolatuta zegoen, baita zikiro erretzaileak ere. Oraindik bazen lana, antolakuntzari dagokionez.

Noiz jakinarazi zenuten bestarik ez zela izanen?

Whatsapp talde handi bat bada erratzuarren artean. Herriko jende aunitz dago taldean eta hor argitaratzen ditugu herriko aferak. Ohar bat idatzi eta bertara igorri genuen. Iruzkin bat edo bertze izan ziren, denak penatuta.

«Menturaz, udazken aldera zerbait egin daitekeela pentsatu dugu»

Aitzinerago zerbait antolatzeko asmoa duzue?

Menturaz, udazken aldera ere zerbait antolatu daitekeela pentsatu dugu.

Ez bestarik, ez Baztandarren Biltzarrarik… Urte berezia izanen da aurtengoa… 

Dudarik gabe, urte berezia da bai. Egutegian seinalaturik dauden egunak markatu gabe bizitzen ikasi beharko dugu, osasuna lehenetsiz. Oraindik aunitz iraunen du Covid-19aren aferak, beraz, pazientzia eta egunez egun bizitzen ikasi beharko dugu, epe laburrean helburuak finkatuz.

Bestarik gabe gelditzetik, zerk eragiten dizu pena haundiena?

Pena haundia hartu dut, izan ere, azken urteetan, Erratzuko bestak indarra hartzen ari ziren herritarren artean. Eguraldia lagun, jendeak gogo haundiz hartu ditu.

«Duela bi urte antolatu genuen Baztan Zopen afaria gogotsu espero zuen jendeak»

Zein ekitaldi da bereziki faltan botako duzuna?

Herritarren artean, azken urteetan lehen eguneko Baztan Zopen afariak hartu du indarra. Duela bi urte antolatu zen lehen aldiz, plazako karpan eta jendearen erantzuna bikaina izan da. Antolatzen lan haundia du baina animaleko giroa egon da eta aurten ere jendeak gogotsu espero zuen.

Alde ona ere badu. Bestarik ez, ajerik ere ez.

Nik ez dut horrela ikusten. Ajea baldin baduzu, seinale ongi pasatu duzula!

Haur, gazte eta helduak ez ezik, ostalariek ere sumatuko dute horren eragina…

Dudarik gabe. Gainera, Erratzu da Baztanen, biztanleko ostatu gehien dituen herria. Ostatuetan bizitza haundia dago herrian eta aspaldian nabaria da hutsune hori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun