2002tik Baztangoizako herritarrak artatzen ditu Koro Arruti Peñak bere farmazian. Halaxe segitzen du Covid-19ak sortu duen alarma egoera honetan ere, baina hainbat segurtasun neurri hartuta, lan egiteko modua aldatu behar izan duela aitortu du. Botikak berdin saltzen baditu ere «lan gehiago» egin behar duela dio.
Koronabirusak zertan aldatu du zure eguneroko martxa?
Dezente aldatu du. Hainbat segurtasun neurri hartu behar izan ditugu. Alde batetik, tartea mantentzeko soka bat paratu dugu eta bezeroak banaka sartzen dira farmaziara. Horrez gain, desinfektatzeko lan handia hartzen dugu. Medikamentuak berdin-berdin saltzen ditugu baina lan egiteko manera horrek mantsotu egiten du eta berandu akitzen dugu, 15:00-15:30ean.
Koronabirusa izan dezakeenaren susmoa duzunean, zein duzue protokoloa?
Ez zait gaizki dagoen inor tokatu, susmo ttiki bat baino ez dut izan. Baina halakoetan osasun zentrora bideratzen ditugu. Etxean egoteko eta osasun zentrora deitzeko erraten diegu, haiek erranen dietelako zer egin.
Kutsatzeko arriskuan ikusten duzu zure burua?
Halako eromenean sartuta gauden honetan, batzuetan pixka bat kezkatzen nau baina ez da nire kezka nagusia. Seguru ikusten naiz, segurtasun tartea mantentzen dudalako, nahiz eta beti beldur pixka bat izan.
Baliabide aldetik zerbaiten falta sumatu duzu?
Bai, eta horixe da buruko min handiena eman didana. Medikamentuen printzipio aktibo aunitz Indiatik eta Txinatik ekartzen dira eta koronabirusaren kontua Txinan hasi zenez, hasieran gaiak kezka sortu zidan. Baina ez dut medikamentu faltarik izan; alkohola, maskara edo termometroen eskasia, ordea, bai.
Maiz aipatzen dira maskarak... Nahikoa izan dituzu?
Falta ez, baina eskasia bai. Bat-batean hiru kutxa ekarri izan dizkidate, eta ondoko astean, berriz, bat bera ere ez. Zaila da horrela antolatzea eta norbait gabe utziko dudala pentsatu izan dut. Baina egia erran ez dut arazorik izan, guti baina eduki ditut.
«Hiru maskara klase aipatuko nituzke: batetik, higienikoek zerbait babesten dute baina aunitz ez. Bigarrenik, kirurgikoek ondokoa ez kutsatzeko balio dute baina norbera babesteko ez. Hirugarrenik, FFP2 maskarak daude eta horien artean balbula dutenak –norbera babesteko bai baina kutsatzea saihesteko balio ez dutenak– eta balbula gabekoak –norbera eta ondokoa babesten dute–»
Nolako maskara motak daude?
Aunitz daude baina koronabirusaren inguruan hiru klase aipatuko nituzke. Alde batetik, maskara higienikoak daude, telazkoak edo paperezkoak. Hauek etxean egindakoak ere izan daitezke eta telazkoak berrerabilgarriak direnak, 60 gradutara edo tenperatura altuagoetan garbitzen ahal direnak. Zerbait babesten dute baina ez aunitz.
Bertzetik, maskara kirurgikoak ditugu. Horiek ondokoak ez kutsatzeko balio dute baina ez dute balio norbera babesteko. Egokia litzateke denok halakoak izatea, elkar babestuko genukeelako. Jende aunitz dagoen tokietan horiek erabiltzen dira eta garraio publikoan derrigorrezkoak dira. Segurtasun tartea mantenduko bagenu ez lirateke beharrezkoak izanen, baina ezin denez, tresna egokiak dira maskarak.
Hirugarrenik, FFP2 izeneko maskarak ditugu. Halakoek norbera babesteko eta ingurukoak ez kutsatzeko balio dute. Dena den, FFP2 maskaren artean balbula dutenak eta gabekoak bereizi behar dira. Balbula dutenak erabiltzeko erosoagoak izan daitezke, eta pinturarekin ez kutsatzeko balio dezakete, baina birusaren aurka ez. Balbula izateak arnasa kanporatzeko aukera ematen du eta gisa honetara birusa ere kanporatzen da eta kutsatzeko aukerak hor segitzen du. Hortaz, balbula dutenek norbera babesteko balio dute baina ingurukoak kutsa daitezke. Horregatik egokiagoak dira balbularik gabekoak.
Bertzetik, ez kirurkigoak ezta FFP2 maskarak ere, ez dira busti behar, ezta alkoholarekin edo lixibarekin ere. Bustiz gero babeserako duten geruza desegin egiten da.
Koronabirusaren aurka zein maskara gomendatuko zenuke?
Hori baino gehiago aholkatuko nuke distantzia mantentzea, batzuetan jendea maskarekin gehiegi fidatzen delako. Edozein kasutan, arrisku handiko jendeari FFP2 erabiltzea gomendatzen diet eta gazte jendearentzat, erosketak egitera joaterakoan adibidez, kirurgikoa erabiltzea nahikoa izanen dela uste dut, batez ere, langileekiko eta bertze erosleekiko errespetuz.
«Maskarak esku garbiekin paratu eta kendu behar dira eta behar ez denean, ongi gorde. Bertzela alferrik da»
Maskaren prezioak ere aunitzetan aipatu dira eta Espainiako Gobernuak maskara kirurgikoen gehienezko prezioak ezarri ditu... Zer iruditzen zaizu?
Aunitz garestitzen ari zirelako hartu du neurria. Ikustekoa da zenbat enpresen eskaintzak ailegatzen zaizkigun. Kirurgikoek lau ordu edo irauten dute eta kotxean doazenean kentzeko eta jende aunitz dagoen tokian eskuak garbituta paratzeko aholkatuko nuke eta noski, hondatua edo bustia badago botatzeko. Erraza da erabili eta botatzeko direla erratea, baina ez daude aunitz eta dirua balio dute. Horregatik, esku garbiekin paratu eta kendu eta ongi gordez gero, gehixeago iraun dezakete. Baina kontu handia ibili behar da, bertzela alferrik da.
Gaur egun zein preziotan daude maskarak?
Kirurgikoen gehienezko prezioa 0,96 eurotan ezarria du Espainiako Gobernuak eta FFP2 maskarak bortz-sei eurotan daude. Azken horiek gehiago irauteko dira baina zaila da zenbat iraunen duten zehaztea. Berez gehiago irauteko dira baina salbuespen egoeran gaudenez, zaila da erratea. Nola dagoen, non ibili garen, busti den edo ez, izerditu garen edo ez... Horren arabera, gehiago edo guttiago iraunen du. Berez, erabili eta botatzeko dira baina Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseiluak FFP2 maskarak 30 minutuz 70 gradutara labean edukiz erabil daitezkeela erran izan du. Baina agian, hemendik hilabete batera, sistema horrek ez duela funtzionatzen erranen dute, gauzak agudo aldatzen ari direlako.
Zein gomendio emanen zenuke maskarak paratu eta kentzeko?
Garbitasuna kontuan hartzeko. Eskuak ongi garbitu ondotik paratu behar da maskara eta kendu ondotik ere eskuak ongi garbitu behar dira. Kentzerakoan gomatik hartu behar da, bazterretik hartu. Aitzineko aldea eta barrenekoa ez dira ukitu behar eta behin kendutakoan poltsa batean ongi gorde behar dira, salbuespen kasuetan ez bada, etxean ez dugulako erabili beharrik izanen.
«Maskara, eskularru eta gel hidroalkoholikoaren eskaera izugarri hazi da»
Zure farmazian zenbat igo da maskaren eskaera?
Izugarri. Lehen ez zen ia batere erabiltzen. Sulfatadora erabiltzeko edo pintatzeko paperezko bakarren batzuk saltzen ziren baina kirurgikoak ia ez ziren saltzen. Orain ehun aldiz gehiago saltzen dugu.
Karrikan maskarak erabiltzea derrigorrezkoa izan beharko luke?
Batzuentzat beharbada ez da erosoa izanen, baina birusa hemen dago eta orain berriz mugitzen hasten bagara, birusa hedatzeko aukera handiagoa izanen da. Aunitz hedatzen bada, jende ainitz dagoen tokietan edo segurtasun tartea modu seguruan bermatu ezin denean, neurri egokia izan daiteke maskarak erabiltzera behartzea.
Maskarez gain, zein produkturen eskaera igo da koronabirusa dela eta?
Eskularruena. Jendeak eskularruak nahi izaten ditu baina aunitz ibilita eskuak bezala zikintzen dira. Kontua eskularruak behin erabili eta botatzea da, denda batera sartu eta botatzea, denda batean norbaitekin egon eta botatzea... Egun osoa eskularru berarekin pasatzen badugu, eskuak bezala zikintzen dira eta hidroalkoholarekin eskuak baino okerrago garbitzen direla erranen nuke. Gainera, eskularruak falta dira, denda eta farmazietan ez dago.
Bertzetik, gel hidroalkoholikoaren eskaera ere nabarmen hazi da, maskarena baino gehiago. Alkohola dute eta horiekin eskuak garbitzea ohitura ona da. Edozein gauza ukitu ondotik, kutsatu nahi ez baduzu, hagitz garrantzitsua da garbitzea.
Gel hidroalkoholiko aski izan duzu?
Bai, nahikoa izan dut. Erran dutenez, bertze produktuak egiten zituzten lantegiak ere gela egiten hasi dira. Guti goiti-beheiti denek dute alkohola.
Horien artean zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Bereziki 70ºko alkohola dutenak aipatuko nituzke. Koronabirusaren birusak korona bat du eta hori alkoholarekin eta xaboiarekin desegiten da. 96ºko alkoholarekin ere badirudi desegiten dela baina aspaldi egindako ikerketetan oinarrituta errandakoak dira. 96ºkoak ere balio duela erranen nuke baina gehiago erabiltzen da 70ekoa.
Bertze botikak lehen bezala saltzen dituzu?
Bai, berdin-berdin. Hala ere, orain katarroarendako erabiltzen diren ohiko botikak gutiago saltzen ditugula sumatzen dut eta halaxe aipatu izan dut farmazialaria den lagun batekin ere. Hasiera batean, hauetakoak ere aunitz saldu genituen, jendeak prebentzio neurri gisa erosi zituela erranen nuke, baina orain ez dira saltzen. Ez dakigu katarro gutiago dagoelako ote den, maskararekin gehiago ibiltzen garelako, etxean gaudelako, tartea mantentzen dugulako edo jendearekin harreman gutiago dugulako ote den, baina hala gertatu da.
Herritarren artean kezka sumatzen duzu?
Adinekoen artean bai, eta farmaziara etortzeari ere utzi diote. Gazteen artean ez dut kezka gehiegi sumatu. Hala ere, adineko aunitz dira gaixotasuna gainditu eta sendatu direnak eta hori ere azpimarratu nahiko nuke.
Zein aholku emanen zenuke?
Alde batetik, segurtasun tartea mantentzeko. Ez gaude ohituta baina ez da deus ere kostatzen. Bertzetik, garbitasuna ezinbertzekoa da eta bereziki eskuak garbitzeko deia eginen nuke. Akitzeko eztula edo doministiku egitean ukondoa erabiltzeko erranen nuke.
«Osasun publikoa ez kolapsatzeko denok elkar zaindu behar dugu»
Zerbait gaineratuko zenuke?
Erne egoteko, birusa oraindik hemen dagoelako. Helburua osasun publikoa ez geldiaraztea edo kolapsatzea da eta horretarako gakoa denok elkar zaintzea da, hartara, bertze arrazoi batengatik ospitalera joatea tokatzen denean artatuak izateko aukera izanen dugu.