Laugarren urtez segidan hirugarren mailan ariko da Baztan futbol taldea

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 8a, 19:00
Baztan futbol taldeak laugarren urtez segidan jokatuko du hirugarren mailan.

Datorren denboraldian maila mantenduko du Berako Gure Txokoa futbol talde nagusiak ere

Koronabirusak eragindako osasun-larrialdiak arlo guztiei ukitzen die. Horietako bat da kirola. Futbolean, erraterako, profesionala ez den futboleko denboraldia bukatutzat eman dute. Maila jautsierarik ez izatea erabaki du Espainiako Federazioak. Horrek, gure talde batzuei ere eragin die, modu onean, gainera. Nafarroako hirugarren mailan eta Gipuzkoako Preferente mailan denboraldia eten zenean jautsiera postuetan zeuden Baztan eta Gure Txokoa futbol talde nagusiek maila mantenduko dute.

Baztan Futbol Taldearen kasuan, laugarren urtez segidan jokatuko du Nafarroako Hirugarren mailan, inoiz lortu ez zuen marka. Xabi Maia entrenatzaileak aipatu digunez, «ez da maila mantentzeko modurik politena, baina tira, errekorra gaindituko dugu. Eta ekonomikoki klubarendako duen garrantzia ez dugu atzendu behar, 46.000 euro ez baitira ahuntzaren gauerdiko eztula».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun